«Trans amorrua» kalera atera dute, trans ikusgarritasunaren egunean
Trans ikusgarritasun eguneko elkarretaratzea. Nagore Garmendia Atzo arratsaldean hainbat lagun elkartu ziren Bulebarrean, trans kolektiboaren aurkako diskurtso eta erasoen aurrean “amorrua eta kezka” adierazteko. E28 koordindadorak –Ehgam, Gipuzkoako trans asanblada eta Transmarikabollo asanblada– eta Atximurka ikasleen kolektiboak antolatu zuten elkarretaratzea.
Elkarretaratzean irakurritako oharrean argi adierazi zuten testuinguruaren larritasuna: “Gaur gure amorrua adierazteko elkartu gara, gero eta transfoboagoa den gizarte baten aurrean eta beste urte batez aintzat hartzen ez gaituen sistemaren aurrean”. Parte hartzaileen ustez, ultraeskuinaren gorakadarekin batera zabaldu da ideologia horren eragina, eta horrek zuzenean eragiten dio kolektiboari.
Halaber, feminismoaren barruan ere joera batzuk gogor kritikatu zituzten, bereziki trans baztertzaileak diren diskurtsoak. “Ez ditugu diskurtso horiek onartuko, haien ondorioak gure aurkako eraso zuzenak legitimatzea direlako”, ohartarazi zuten, “adierazpen askatasuna” aitzakia modura erabiltzea ere salatuz.
Osasun arloko egoerak ere leku nabarmena izan zuen salaketan. Azaldu zutenez, azken gida medikoaren eguneraketak aurrerapen batzuk ekarri baditu ere, ez da nahikoa: “Gida berriak ez du pertsona transentzat tratu duinik bermatuko”. Gainera, zenbait ospitaletan izandako praktikak kritikatu zituzten, pazienteen duintasuna eta erabakitzeko gaitasuna zalantzan jartzen dituztela iritzita.
Amaitzeko, mobilizazioan parte hartu zutenek borrokan jarraitzeko asmoa berretsi zuten. “Gero eta gehiago gara, gero eta haserreago gaude, eta pazientzia amaitzen zaigu. Hau erresistentzia da”, adierazi zuten. Antolatzaileek ohartarazi zuten halako elkarretaratzeak errepikatzen jarraituko dutela, egoerak aldaketa errealak izan arte.
