Pasio berak bultzatuta, tradizioa bueltan ekarriko dute 400 bat lagunek
Herritar talde batek sustatuta, Ostiral Santuko prozesioa eta Nazareteko Jesusen kofradia berreskuratu dituzte. Hilabete gutxitan, gaur kalera aterako den egitasmoa prestatzeko elkartu dira dozenaka lagun.
Martxoaren 24an egindako entseguaren irudi bat.Maitane Aldanondo 1976eko Aste Santuan irten zen azkenekoz prozesio bat Donostian. Mende erdi geroago, galdutako tradizio hori berreskuratu, hautsa kendu, eta distira berri bat eman dio herritar talde batek. Nondik norakoen berri izateko, Artzain Onaren katedralera bertaratu da kazetaria, martxoaren 24an, 19:30ak bueltan. Entsegua egiten ari dira 70 bat lagun: hiru pausoak garraiatzen, daramatzaten haiek babesten eta danborra jotzen. Une batean, eliza berriko bisitariek joan egin beharko dute, eta ateak itxita daudela, Fernando Prado Ayuso gotzaina ere agertuko da. Artean, hamar egun eskas gelditzen zaizkie gaurko une handia heltzeko.
Josune Otxotorena da egitasmoaren sustatzaileetako bat. Lagun artean sortutako zerbait izan zela azaldu du. Bilboko eta Iruñeko prozesioetan ikusitako giroak galdera bat piztu zien: “Zergatik Donostian, ez?”. Euren iritzian oinarrituta topatu zuten erantzuna aurrera aterako litzatekeela izan zen. Partekatutako ilusio hori zuen taldetxo bat bazirela ikusita, sei kide, hiruna gizon eta emakume, Artzain Onera joan ziren, erretorearekin hitz egitera. Halaber, azken urteetan, zaletasunez, pausoak berreskuratzen ari direnekin ere elkartu ziren. “deia zoragarria iruditu zitzaien. Gogotsu zeuden eta nolabait taldea eman genien”. Hala, 1927an eratutako Nazareteko Jesusen Kofradia eta prozesioa berreskuratzeko erronkari heldu zioten.
Usteak, baieztapen
Berehala, ordea, kezka bat sortu zitzaien: Denbora emango ote zien? Urri inguruan lanak banatzen hasi ziren eta bi hilabetera, interesa zuen edonori zabaldu zioten. Orduan, jaso zuten erantzunak zalantza guztiak argitu eta baieztapenak ekarri zizkien. “Ezustekoa izan zen”, aitortu du Otxotorenak, “400 bat pertsona batu dira, beren ekarpena egiteko. Ez genuen uste horrelako oihartzunik izango genuenik, ezta jendearen erantzuna ere”.
Askotariko jendea erakarri dute, eta horixe da Otxotorenak nabarmendu nahi duena. “Adin, itxura, testuinguru sozial edo kultural… jende oso desberdina da. Izugarri gustatzen zait”. Sustatzailea fededunak eta kristauak dira, eta beraien fedea partekatzeko modu bat da. Batu zaizkienen artean, aldiz, beste motibazio batzuk dituztenak ere badaude: Jakin-minak edo zaletasunak bultzatu dituena, amari oparitu diona, senideren batek lehen parte hartzen zuelako, musika edo tradizioa gustuko dutelako… “Den-denak ongi etorriak dira”. Eta bakoitzak ere bere ekarpena egin du: josi, pausoak margotu edo garbitu, entseatzen lagundu, iraganeko prozesioei buruzko lekukotza eman…
Lekukotzeko ahalegina
Lehengo kofradiaren oinarrien gainean aritu dira, eta hura ez bezala, bertakotzeko asmoz, sustraiei tiraka txistuak eta danborrak sartu dituzte. Astero-astero bildu dira eta egin behar zena zehaztu ondoren, zereginak partitu dituzte. Prozesioa hutsetik antolatzeak lan eskerga eskatu du azken hilabeteotan.
Boluntarioek astero-astero egin dituzte bilerak eta lan saioak: abituak josten, pausoak margotzen, farolak garbitzen eta irudiak berritzen. Zenbait gastu ere badituzte, eta horiek ordaintzeko, urtean 35 euroko kuota ordaintzen du kofradiako kide bakoitzak, 25 urtez gorakoak badira. Parte hartzeko interesa dutenak catedraldelbuenpastor.org webgunearen bidez harremanetan jar daitezke.
Abituak, historikoan oinarritu dituzte, tunika zuri bat eta txano morea. Irudi edo pausoei dagokienez, berriz, badakite Donostiakoak ikusgarriak zirela, baina ez dakite zehazki non dauden orain. Hiru original berreskuratuko dituzte, baliatuko duten Nazaretarra elizan bertan zegoen, besteak, biak, Seminarioan. Ondo bidean, datorren urtean pausoren bat gehituko dute, nahia baitute zortziak berreskuratzea.
Arrakasta, taldea
Hain zuzen ere, beste bostak azken asteetan katedralean ikusgai daude. Batzuk prozesiorik ospatzen ez duten Gipuzkoako beste herri batzuetatik berreskuratu dituzte eta mantuetako batzuk ere utzi egin dizkiete. Irudia, moldatu dute kasuren batean, puskatuta zegoela baliatuta; jantziak zaharberritu dituzte baita elementu batzuk konpondu edo gehitu ere. Batek, esaterako, goroldioa du, norbaitek eramandakoa. “Oso polita izan zen. Norbaitek goroldioz betetako poltsa batzuk utzi zituen, anonimoki”.
Bidean sortu duten komunitate hori da garrantzitsuena, antolatzaileentzat. Edozein arazo edo behar izan duten bakoitzean, asko izan dira laguntzeko prest agertu direnak. “Gauzarik politena jendea da. Nolako ilusioa daukaten. Oso polita izaten ari da, horrekin ari gara disfrutatzen”, baieztatu du Otxotorenak.
Gaur dute estreinako prozesioa, baina erantzuna ikusita, etorkizunean Aste Santuko egun gehiagotara zabaltzea pentsatu al dute? Hausnartu beharko dutela onartu arren, orain ez da unea. “Egunetik egunera goaz, bidearekin disfrutatzen eta asimilatzen”; baina argi dute asmatu dutela: “Hemen dagoen gogo bat landu, lotu eta atera dugu”.
Ilusioa eta zirrara
Otxotorenak hanka minduta du eta ezingo du irten, beste modu batean parta hartuko du, datorren urtean egongo da aukera. Danborra joko dutenek astean hirutan edo lautan entseatzen dute, eta urte osoan zehar jarraitzeko nahia dutela adierazi dute. “Harrigarria da”. Horietako bat da Asun Lopez aietearra. Albistea ikusi zuen eta galdetegia bete zuen, “azkar batean” eta berehala jaso zuen onarpen mezua.
“Hemen egotea pasioa da niretzat. Gainera, Nazareteko Jesusenganako jaieraduna da. Nola edo hala sartu behar nuela pentsatu nuen. Eta, egia esan, pozik eta oso hunkituta nago, hau da, bizirik sentitzen naiz eta eta izugarrizko ilusioarekin”. Pausoa jarraitu besterik ez dela dio, erritmoa hartzen erraza dela; jotzen dituzten hiru piezetako bat, aldrebesagoa bada ere.
Danborraz gain, bestelako zereginetan ere parte hartu du, boluntarioak behar zituztelako zenbait zereginetarako: argiontziak garbitu, margotu… Taldean askotariko pertsonak daudela nabarmendu du, gazteak eta helduak, “pasada da topatu dudan jendea”. Intentsitate handiz bizi du eta egunak kontatzen egon da azken astean. “Barrutik oso desberdina da, oso hunkigarria. Emozio handiarekin bizitzen ari naiz”.
Egun handiaren zain
Nazaretarraren irudia garraiatu nahi zuen, baina horrenbeste jendek izena eman duenez, ezinezkoa izan da. Edonola, danborra jotzen ere pozik dago. “Bi danborradatan ateratzen naiz, danborrak zoratzen nau”. Lopezek desio zuena Asier Morenok lortu du. Izan ere, Parte Zaharreko 20 urteko gaztea Nazaretarraren irudia garraiatuko duenetako bat da. Fededuna da eta egunkariak ikusi zuen urte askoren ondoren prozesioa egingo zutela. Izena ematea pentsatu zuen, “ea zer geratzen den”, eta gertatu zena, baieztapena jaso zuela izan zen. Eta nahi zuen aukera esleitu ziotela, gainera. “Uste nuen pauso gehiago aterako zituztela eta jende gutxiagok izena emango zuela. Harritu egin ninduen, gazte ugari gaude, gainera”.
Irudi bakoitza eramateko zortzi lagun behar dira, eta atseden hartu ahal izateko, bi talde daude. Lau entsegu egin dituzte egun handiaren aurretik. Dioenez, sorbaldaren altuera antzekoa izatea da garrantzitsuena, pisua ondo banatu dadin. Zailagoa izango zela uste bazuen ere, ez da hala izan, koordinazioa da gakoa.
Emozioa nabari du eta gogotsu dago prozesioa bera nolakoa den ikusteko. “Ehun metroko prozesioa da, nahiko luzea, denak elkarren atzetik goaz. Gotzaina ere egongo da, musika banda…”.
Artzain Onetik Gipuzkoa plazara, joan-etorria
Ostiral Santuko prozesioa, gaur, hilak 3, aterako da Artzain Onaren katedraletik, 20:30ean. Aurrez, elizkizuna egingo dute, eta hartara bertaratzen direnek, kanpoan itxaron beharko dute. Gainerakoei jakinarazteko, kanpandorretik karraka joko dute, 20:00etan, 20:15ean eta 20:30ean, prozesioa iragarriz.
Artzain Onaren plazatik abiatuta, ordu eta erdi inguru iraungo duen, honako ibilbidea egingo dute: Urdaneta, Hondarribia, San Martin, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka eta Gipuzkoa plaza. Plazan, otoitz egonaldi bat egingo dute, eta amaitzean, kale beretatik barrena itzuliko dira katedralera.
Buruan, gurutzea eta kofradiaren estandarra joango da, ondoren , hebrear jantzitako neska-mutilek, eta txistulari banda joango da. Gero, nazarenoak, bi ilaratan joango dira Nazarenoaren pausoaren aurretik, Veronica lagun dutela. Lehenengo talde horren ondoren, gainerako nazarenoek joango dira danborrekin; gero, Pasioaren objektuak —arantzazko koroak, iltzeak, lantzak…— dituzten neska-mutilak. Eta hauen atzetik, Kristo Etzanaren irudia. Azken zatian, Hiru Mariak, eta Bakardadearen pausoak osatuko dute. Euren atzetik, gurutze altxatua eta kandelak, akolitoak, kleroa, kofradia-kide talde bat eta musika-banda joango dira.
Parte hartu nahi dutenek, Musika Bandaren ondoren joan beharko dute, “nor bere baitan bildurik eta otoitz egiteko jarreraz”. Katedraleko atean kandelak egongo dira taldearekin batera joan nahi dutenentzat. Ikustera doazenei, berriz, espaloian geratzeko eskatu diete, eta uneoro errespetu eta isiltasun jarrera izan dezatela eskatu diete.
