Bera Berak ligako fase erregularra irabazi du
Realeko bi futbol taldeek irabazi egin dute. Aldiz, ez da asteburu ona izan Ibaeta Basketentzat eta Gipuzkoa Basketentzat.
Bera Beraren eta Malagaren arteko neurketa erabakigarria.Bera Bera Jardunaldi baten faltan, Bera Bera eskubaloi taldeak ligako fase erregularra irabazi du. Titulua oraindik eskuratu ez badute ere, datorren sasoian Europako Ligan parte hartu ahal izango du. Asteburuan, Malaga taldea gol bakarreko aldearekin menderatu zuten (25-26), partida oso lehiatua jokatu ostean. Garaipen horri esker ziurtatu dute lehendabiziko postua eta Europako saria. Aldiz, liga hilaren 18an bukatuko dute Gaskan, zaleen aurrean eta Valladoliden kontra. Ondoren, Espainiako Kopa jokatuko dute, Donostian.
Futbolean, Realeko lehen mailako bi taldeek irabazi zituzten beraien norgehiagokak. Mutilek Levante gainditu zuten pasa den larunbatean, Anoetan (2-0). Putzuan sartuta daude valentziarrak, eta egoera hori baliatu zuten txuri-urdinek hiru puntuak eskuratzeko. Aukera asko sortu arren, soilik bi gol egin zituzten. Neskek, berriz, markagailua modu harrigarrian irauli zuten Alhamaren kontrakoan (1-5). Galtzen hasi ziren arren, bost gol egin zizkioten sailkapeneko azken aurreko tokian dagoen talde ahulari.
Saskibaloian, etxetik kanpo ezinean aritu ziren pasa den asteburuan Ibaeta Basket eta Gipuzkoa Basket. Azu Muguruzaren neskek azken laurdenean galdu zuten Esteponaren aurkako norgehiagoka (62-53). Aldiz, Sergio Garciaren mutilek ez zuten neurketa ona jokatu Melillan, eta esku hutsik bueltatu ziren (73-64).
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Malaga 25 – Bera Bera 26
Futbola
Gizonezkoen liga, 30. jardunaldia
- Reala 2 – Levante 0
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Alhama 1 – Reala 5
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 26. jardunaldia
- Estepona 62 – Ibaeta Basket 53
Gizonezkoen bigarren maila, 28. jardunaldia
- Melilla 73 – Gipuzkoa Basket 54


