Emakumeen Etxea Arrandegi eraikinean kokatzea baztertzen du udaleko txosten batek
Ane Oiarbide zinegotzia, Arrandegi eraikineko lanetan.Maitane Aldanondo Argitu gabe jarraitzen du Emakumeen Etxearen kokaleku berriaren aferak. Bretxako Arrandegi eraikinean kokatzea proposatu zuen EH Bilduren udal taldeak, eta ontzat jo zuen Donostiako Emakumeen Etxeak. Ordea, pasa den hilabeteko udalbatzarrean aukera horren kontra agertu zen Ane Oiarbide Berdintasun zinegotzia.
Orain, udaleko txosten tekniko baten berri eman du El Diario Vasco egunkariak. Horren arabera, ez da posible Emakumeen Etxea Arrandegi eraikinean kokatzea. PSE-EEren esku dagoen Obra eta Proiektuak Saileko zuzendaritzak egin du txostena, eta Arrandegiko lehen solairuan halako lokalik ezin dela jarri dio. “Ez ziren proiektatu bi lokal autonomori zerbitzua emateko”, nabarmendu dute.
Martxoko osoko bilkuran, Oiarbidek esan zuen lehen solairua “espazio bakar bat dela, eta proiektu bakarrerako”. Une honetan, solairu horretan “ezin da alternatibarik planteatu, merkatuko plantarekin partekatutako erabilera ez bada”. Berdintasun zinegotziaren arabera, “horrela dago pentsatuta eta onartuta”.


