Emakumeen Etxea Bretxako Arrandegia bere kokaleku berria izatearen alde agertu da
Arrandegi eraikina, Bretxan.Beñat Parra Donostiako Emakumeen Etxeak balorazio positiboa egin du EH Bilduk Bretxako Arrandegiaren eraikina zentroaren egoitza gisa erabiltzearen alde egindako proposamenaren inguruan; taldearen ustez, proposamen horrek “norabide egokia” markatzen du eta “erabat ados” daude planteamenduarekin.
Erakundearen arabera, kokapen honi buruzko erabakia ez da teknikoa soilik, politikoa ere bada. Zentzu horretan, udalari eskatu diote berdintasuna erdigunean jartzeko borondatea praktikara eraman dezan. Udala, ordea, leku aldaketaren aurka agertu da.
Martxoko udalbatzarrean, Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak eta Berdintasun zinegotziak EH Bilduren proposamena baztertu zuen. Sarbideari dagokionez, udalak merkatu barrutik bakarrik sar daitekeela adierazi zuen, baina Emakumeen Etxeak argitu du kanpotik ere badagoela sarbidea eta irisgarritasuna bermatuta dagoela. Ordutegiaren harira, zentroaren erabilera merkatuaren mende egongo litzatekeela ukatu du, eraikin bereko kirol instalazioek jada autonomia, sarbide eta ordutegi propioak dituztelako.
Egiturari dagokionez, eraikinaren erdiko irekidura “teknikoki erraz” konpon daitekeela adierazi du Emakumeen Etxeak, eta ez duela oztopo estrukturalik eragiten. Eta, azkenik, erabileraz mintzatu dira: “ez dute onartzen merkatuarekin lotutako jarduerak soilik egin daitezkeenik, eremuan dagoeneko bestelako ekipamenduak badaudelako”.
Parte Zaharra ostalaritzaz “gainezka” dagoela eta bizilagunek egoera hori salatu dutela gogorarazi du Emakumeen Etxeak. Haien iritziz, gune horretarako ostalaritza proiektu bat proposatzea eredu horretan sakontzea da. Bestalde, berretsi dute Bretxako eraikinak beste leku batzuek ez dituzten baldintzak betetzen dituela: “zentralitatea, irisgarritasuna eta erreferentzialtasuna”.


