«Zalantzarik ez dut Kutxa fundazioak erabakirik onena hartuko duela»
Jon Insausti alkateak Eureka zientzia museoa zabalik mantentzeko eskatu dio patronatuari, "alternatiba sendo bat egon arte".
Jon Insausti alkatea.Joseba Parron San Sebastian Kutxa fundazioak biharko batzarrean erabakiko du Miramongo Eureka zientzia museoaren etorkizuna. Duela bi aste iragarritakoaren arabera, ekainaren 30ean itxiko dute behin betiko. Horren aurrean, Jon Insausti Donostiako alkateak gutuna bidali dio fundazioaren patronatuari, udalaren izenean. Itxiera “birpentsatzeko” eskatu die, besteak beste.
Gutunaren harira, azalpenak egin ditu Insaustik hedabideen aurrean. “Gure egitekoa bada donostiarren kezkak entzutea, eta donostiarrak ez daudela ados Eureka! zientzia museoa ixtearekin. Guk eskatzen duguna da alternatiba sendo bat egon arte, Eureka zabalik mantentzea. Donostia zientziaren hiria delako. Museoak zabalik jarraitu behar du, jendea zientziara hurbiltzeko eta dibulgazio horretan jarraitzeko”, adierazi du.
Biharko batzarrari dagokionez, bi gauza nabarmendu ditu Insaustik: “Batetik, herritarrak entzun behar ditugu, eta, bestetik, Donostiak zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren hiria izaten jarraitu nahi badu, beharrezkoak ditu dibulgaziorako horrelako espazioak. Beraz, Eurekak zabalik jarraitu behar du”. Horrekin batera, biharko batzarrari ere erreferentzia egin dio: “Zalantzarik ez dut Kutxa fundazioak erabakirik onena hartuko duela, betidanik erakutsi dute gure gizartean barneratuta daudela”.


