Gizonezko bat espetxeratu dute sexu eraso baten ustezko egile gisa
Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteartean Donostian, joan den astean gertatutako sexu eraso baten egile gisa. Segurtasun Sailaren arabera, 40 urteko emakumezko batek eraso sexual bat jasan izana salatu zuen martxoaren 31ko goizaldean. Azaldu zuenez, ezezagun bat hurbildu zitzaion kalean eta behin eta berriz esan zion lagundu egingo zuela. Emakumezkoak ezetz erantzun zionez, indarrez sartu zuen aparkaleku baten sarbidean eta bertan burutu zuen erasoa.
Ertzaintzak gertatutakoaren berri izatean, ikerketari ekin zion, eta ondorioz, ustezko erasotzailea identifikatu zuen. Beharrezko frogak egin ondoren, asteartean atxilotu zuten, eta ertzain etxeko eginbideak osatuta, asteazken arratsaldean epaile aurrean deklaratu zuen ustezko erasotzaileak. Azalpenak entzun ondoren, epaileak espetxeratzea agindu zuen.


