Infernuko bi udal lursailak Eusko Jaurlaritzari lagatzea proposatu dute EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Donostiak
Infernua eremuko lanak.Inaxio Esnaola EH Bilduren ekimenez, hilaren 14ko Etxegintzaren administrazio kontseiluan eztabaidatuko dute Eusko Jaurlaritzari Infernua eremuko bi lursail Eusko Jaurlaritzari lagatzea. PSEren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek ere bat egin dute proposamen horrekin. Etxebizitza babestu guztia, tasatua barne, alokairu sozialera bideratzea eskatuko dute. “Donostiako Udalari lau milioi euro aurrezteko aukera emango lioke operazio honek”, nabarmendu du udal talde abertzaleak.
Etxegintzaren azken kontseiluan aurkeztu zuten proposamena, eta orain Donostiako Udaleko “gehiengo aurrerakoiaren” atxikimendua duela diotela. Horrela, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Donostiak, datorren asteko kontseiluaren gai zerrendan bi puntu sartzeko eskatu dute: “Lehena, etxebizitza babestuaren eraikuntza esku pribatuetan uzteko proposamena bertan behera uztea; eta bigarrena, horren ordez, bi partzelak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari lagatzea, etxebizitza publiko guztiak Administrazioak sustatu ditzan eta, gainera, guztiak alokairu erregimenean izan daitezen”.
EH Bilduren iritziz, “albiste ona” da Donostiarentzat, “alokairuan babes publikoko etxebizitzaren aldeko apustu irmo hori bermatzen duen gehiengo progresista bat baitago”. Horrekin batera, “bultzatzen diren politikak onuragarriak dira termino ekonomikoetan hiritarrentzat”.
Etxegintzaren asmoa
Hiru udal taldeak Etxegintzak Infernuko bi udal lursail horietako aurreikusi dutenaren kontra daude. Hain zuzen ere, bi partzelak lizitaziora ateratzeko asmoa dute, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan, erregimen orokorreko etxebizitza babestuak eta tasatuak eraikitzeko. Gainera, udalak diru publikoa jarri beharko luke sustapen pribaturako; 4 milioi euro inguru.
“Gure ustez, beste aukera batzuk daude lursail publiko horiek kudeatzeko, udalari kosturik eragin gabe eta lur publikoa esku pribatuetara transferitu gabe. Horri esker, etxebizitza parke publiko bat sortuko genuke, merkatu librearen kontrapisua egingo lukeena eta herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bermatuz”, adierazi du Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak. Aldiz, kritikoagoa izan da Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramailea: “Benetako zentzugabekeria da eta herritar guztien diruarekin ustezko galera pribatuak sozializatzeko beste saiakera bat da”.


