Bizi, iraun
Maria Kristina zubiko bi estatua.Joseba Parron San Sebastian [Maria Kristina zubia, neguko gau ilun bat]
Ohi baino luzeago gelditu den norbaitek zerbait paratu dio eta besoan gora zabaltzen doana eragin. Nabari du. Hori da berria. Zerbait aldatzen ari da.
Mende eta laurden ia, beti leku berdinera begira. Ikusi du eraldatzen, sortzen eta desegiten. Berandu ez iristeko korrika doazenak, despedida labur eta luzeak, trena galdu dutenak, errege-erreginak, trapitxeroak, errukia eta laguntza eskatzen dutenak… Baita erlojuaren orratzak ere, jira eta bira, zertarako ulertu gabe. Lekuko isil bezain ikusezinak bilakatu dira hiriaren paisaian: bi haur geldirik, hala egotera kondenatuak. Inork ez zien galdetu eternitatea horrela igaro nahi zutenik, ezta elkarrekin partekatu ere.
Jainkoak buztinari hatsaz moduan, itsatsitakoak piztu du. [Tik]. Sentitu du lepoa mugitu eta ikusmira zabaltzeko nahia, jolasteko gogoa, salto egitekoa, ihesari ematekoa, dantzatzekoa… Unea gozatzekoa. Tempus fugit. Carpe diem –Denborak ihes egiten du. Bizi unea—. Ondokoari dei egin dio: «Goazen. Joan gaitezen, aurretik pasatu direnei milaka aldiz entzundako txoko horiek ezagutzera».
Eskutik heldu du. [Tak]. Kideak istant batean ezagutu ditu Kairos, Cronos eta Saturno, eta jabetu da hasi berri den hori amaituko dela. Entzun du krokodiloaren sabela eta Kako-oker kapitainaren izuak harrapatuta, ume galdu gisa, Sekula Betiko Lurraldea hautatu du. Vulnerant omnes, ultima necat —Ordu guztiek zauritzen dute, azkenak hiltzen du—.
«Bizitzea ez al da, ordea, denboraren kontra egitea, une batez hura geldiarazten saiatzea, inoiz amaituko dela jakinda». Ez daki nondik atera zaion. Berdin du. Kideak ez dio aditu, eskua askatuta. Azken finean, irauteko sortu zuten.
Keinu azkar batez eutsi eta pausatu du. Bakardadearen beldurrak hartu, eta itzali dio larunbat gaueko sukarra. Hiriko taberna giroa ezagut lezake, baina, entzun duenez, nahiko hila dago. Aukeran, nahiago, hilezkortasuna.


