Emakumeen Etxearen lekualdaketa finkatu ezinean dabiltza
Donostiako Udalak egindako kokaleku berrien proposamenak baztertu zituen Donostiako Emakumeen Etxeko batzarrak. Aldiz, EH Bilduk egindako proposamena onetsi zuten; Emakumeen Etxea Arrandegi eraikinean jartzea. Udalak, ordea, ez du posible ikusten.
Emakumeen Etxea.Joseba Parron San Sebastian Argitu gabe jarraitzen du Emakumeen Etxearen kokaleku berriaren aferak. Bretxako Arrandegi eraikinean kokatzea proposatu zuen EH Bilduren udal taldeak, eta ontzat jo zuen Donostiako Emakumeen Etxeak. Ordea, pasa den hilabeteko udalbatzarrean aukera horren kontra agertu zen Ane Oiarbide Berdintasun zinegotzia. Orain, udaleko txosten tekniko batek ere aukera hori baztertzen du. Donostiako PSE-EEren udal taldeak kudeatzen duen Obra eta Proiektuak Saileko zuzendaritzak egin du txostena.
Ez atzera eta ez aurrera. Emakumeen Etxeak leku berean jarraitzen du; Okendo kalean. Otsaila bukaeran, Donostiako Emakumeen Etxeko batzarrak erabaki zuen Donostiako Udalak berriki egindako lekualdatze proposamenak baztertzea, iritzita eskainitako espazioek ez dietela proiektuaren egiturazko eta funtzional beharrei behar bezala erantzuten. Erabakia proposatutako kokalekuak bertatik bertara bisitatu eta aztertu ondoren hartu dute. Loiolako Erriberako eremu bat eta Groseko Agirre Miramon kaleko udal lokal bat dira udalak proposaturikoak. Hain zuzen ere, behin-behineko egoitza Grosen kokatzeari uko egin izana deitoratu zuen Oiarbidek.
Arrandegi eraikina
Lekualdaketarekin aurrera egiteko borondatearekin, EH Bilduren udal taldeak Emakumeen Etxea Bretxako Arrandegi eraikinean jartzea proposatu zuen. Horren alde agertu zen Emakumeen Etxeko batzarra, «berdintasuna erdigunean» jartzeko aukera eskainiko lukeelako. Proposamena martxoko osoko bilkurara eraman zuen EH Bilduk, eta Oiarbide kontra agertu zen. Adierazi zuenez, lehen solairua «espazio bakar bat da, eta proiektu bakarrerako». Une honetan, solairu horretan «ezin da alternatibarik planteatu, merkatuko plantarekin partekatutako erabilera ez bada». Berdintasun zinegotziaren arabera, «horrela dago pentsatuta eta onartuta».


