Hari beretik tiraka, zaletasuna josten
Dozena bat emakumezko astero elkartzen dira Casares Kultur Etxean, ehoziri lan ikastaroan. Eskulan horri buruz ikasi edo trebatu nahi dutenen topaleku bihurtzen da asteartetan, oinarriaren gainean sorkuntza koloretsu eta berriak ehundu eta elkarren artean partekatzeko.
Donostia Kulturak antolatuta, ehoziri lan ikastaroan parte hartzen dute dozena bat emakumen Casares Kultur Etxean. Oier Arribas Ciria Ehoziri lana. Baten bati arraro egingo zaio, baina gaztelerazko ordea, «encaje de bolillos», irakurrita ulertuko du. Edo ez. Eskulana da, hariak, ehoziriak —haria heltzen duten egurrezko makiltxoak—, jostorratzak eta kuxin itxurako euskarri bat —honen gaztelerazko izena, «mundillo» da— ditu ezinbesteko osagai, betiere, irudimena eta gutxieneko trebezia albo batera utzi gabe. Horrekin sor daiteke nahi adina ehun, eta hori irudikatutako beste edozer bilakatu.
Teoria ez da zaila. Hariletan dauden hariak ehotuz, ehuna eratzen doa, eta lanak aurrera egin ahala, lortutakoa orratz batzuekin lotzen zaio kuxinari. Euskarrian, egin nahi den forma edo marrazkiaren arabera, zulodun txantiloi bat ezarri, eta orratzak irudi horren arabera jarri. Praktika, berriz, hori baino korapilatsuagoa da; eskarmentu gutxikoentzat, bereziki.
Etxean, denbora dutenean egin arren, urria erdialdetik ekaina hasiera bitartean, astean behin elkartzen dira dozena bat emakumezko Altzako Casares Kultur Etxean. Donostia Kulturak eskainitako ikastaroaren partaideak dira, eta martxoko azken asteartean, eurek egindako zenbait lan ekarri dituzte gelara, kazetaria eta argazkilaria bertaratuko direla jakinda. Aitzakia Pazko aste honetan taldetxo batek Frankfurten (Alemania) aurrera eramango duten topaketara bisita da. Egiteko gai direna erakusteaz harago, ehoziri lana, askoren ustearen kontra, garaikidea eta koloretsua ere badela islatu nahi dute.
Mahai luze bat oihal morez estali, eta haren gainean jarri dituzte sorkuntzak. Batzuk, banaka egindakoak dira, beste batzuk, berriz, piezak elkarri lotuta. Horrelakoa da, esaterako, iaz osatu zuten lore sorta. Denetarikoak dira: zapi eta gonetako parpaila tradizionala, beix edota zuri; askotariko tximeletak, amets harrapatzailea, lepokoa, koadro itxurako dragoia, emakumezkoa edota aurpegia… idazten duenak aurreikus zezakeenetik urruntzen dira asko. Haiek utzi, eta mahaiaren bueltan esertzen joan dira, esku artean duten euren lanari eusteko. Euskarriak askotarikoak dira, kutxa edo kuxina, eta batek argi arku bat ere badu.
Tradizioaz harago
Ehoziri lanak jatorria du XV. mendeko Mediterraneo inguruko Europan. Hemen, adineko emakumeei lotu ohi bazaie ere, beste herrialde batzuetan belaunaldi artekoa da, gazte ugarik egiten du. Eslovenian, kasu. Han, tradizioa oso aberatsa da, batez ere, Idrija eskualdean, eta Unescok Gizadiaren ondare immaterialeko kultura ondasuna izendatu zuen. Txekian, berriz, Arte Ederrak ikasi behar dira ehoziri lanen irakasle izateko.
Arantxa Sistiaga sanjuandarra da irakaslea. Bakoitzaren lana gainbegiratzen du, aholkuak, zuzenketak eta jarraibideak ere emanez
Halako datuak eman ditu Arantxa Sistiagak aldea irudikatzeko. «Oinarri tradizionala, funtsezkoa da, baina hori baino gehiago da». Kontua da hori dela askok buruan dutena. Hemendik kanpo, baina, oso bestelakoa da. «Muga pasatu eta kolorea ikusten hasi nintzen. Lehen aldia Txekian izan zen, nazioarteko azoka batean. ‘Hau zer da? Posible da kolorea sartzea? Hariak eta oihalak nahastea?’ Beste mundu bat da», gogoratu du ehoziri lana egiten ia berrogei urte daramatzan sanjuandarrak.
Bera dute irakasle eta berak gainbegiratzen du bakoitzaren lana, zuzenketak, aholkuak eta jarraibideak ere emanez. Eskolaren dinamika hori dela zehaztu du, bakoitzak berean jardutea. «Ezin dugu denak erritmo berean joan. Badago gehiago dakien jendea, edo gutxiago, denbora gehiago duena… Aldea nabari da». Aurtengo proiektua pinpilinpauxekin egingo dute, eta gainerakoan, bakoitzak nahi duena egiten du.
Erretiroaren zain
Hiruzpalau partaide aurten hasi dira. Lehenik, oinarrizko hiru puntuak —torlojua, puntu erdia eta ezkertia— ikasi eta landu dituzte, eta ondoren, hasi dira horiek nahastuz, sortzen. Eskema batzuk ere badaude, horiek interpretatzen jakinda, hiru horiekin egingarriak direnak. Gehienek, ordea, urteak daramatzate taldean. Beteranoenak Begoña Redondo egiatarra eta Nieves Bueso dira. Duela hamarkada luze bat Tabakaleran eman zituen ikastaroetan hasi ziren Sistiagarekin, eta harekin jarraitu dute ordutik. Biek, eta ez dira bakarrak, erretiratze ondorenerako gordetako asmoa zuten ehoziri lana ikastea. «Lehengusina bat dut Palentzian, bere amarengandik ikasi zuena, eta berak egindako zerbait oparitzen zidan bisitan joaten ginen bakoitzean. Eta nik egin nahi nuen», gogoratu du Redondok. Ez, ordea, tradizionala. «Ez daukat puntilla bakar bat ere. Ikastekoak egin nituen eta lehen irakaspen gisa gordeta ditut etxean, baina hortik aurrera…». Izan ere, lehen ikasturtea amaituta, atzerrian egindako lanak ikusi zituen… eta akabo! Adur zapia, lepokoa, dragoi itxurako koadroa, begi estalkia… Askotariko lanak ditu.
Hiru seme-alaben eta lanaren karga arinduta, etxean ordu ugari pasatzen ditu Buesak hari artean. Oihal batean lanean ari da, eta etxean egin ezean, amaitzea kostako zaiola badaki. «Hemen, hizketan…». Eskuei eragiten dieten bitartean, nola ez, mingaina ez baitute geldirik izaten. Hitz eta pitz dabiltza ehuntzen ari direla, eta solasaldia makilatxoen kolpe soinuak girotzen du. Hala, harremanak ere josten dituzte. Alderdi sozial hori, noski, eskolaren parte ere bada, «gustura egotea». Eskulanean aritzea, gainera, batzuetan ihesbidea ere bazaie, une txar bat gainditzeko, ez pentsatzeko…
Amonak bilobari
Adinean nagusiena Bueso bada; kontrara, gazteena, 11 urte dituen Oneka Troitiño San Jose intxaurrondotarra da. Udan hasi zen. Taldekidea den Mariam Ciria amona Intxaurrondoko etxean ehuntzen ikusten zuen eta jakin-mina piztu zitzaion. Katu eta tximeleta bana egin ditu, eta orain, beste katu bat hasi berri du. Gutxitan etortzen da eskolara, baina amonarekin dagoenetan egiten du. «Entretenitu» egiten du. Dioenez, zailena ehoziriak ez galtzea da. Kontuz ibili behar da, «zerbait gaizki egiten baduzu, zati dena kendu egin behar duzu», ohartarazi du, eta hasperen batekin onartu, «askotan» gertatu zaiola.
Denbora beharrezkoa da halakoetarako, horregatik, behin baino gehiagotan errepikatzen da erretiroaren ondoren ikasten hastea
Dozenaka haril dituen lana du Ciriak euskarrian; multzokatuta daude, bakoitza marrazki baterako baita. «Ondo sailkatzen ez badituzu…», dio. 124 behar ditu eta jartzeko batzuk falta zaizkiola erantzun dio kazetariari, kopuruak harritu duela esan dionean. Horrenbesterekin nola ez erratu! Patroia irakurtzen jakin behar da akatsa topatzeko, eta Ciriaren hitzetan, «ez da erraza».
Bigarren urtea du. Aurrez ez zuen inoiz haril bat ukitu; baina Galiziara maiz joaten zen, eta han, tradizio sakona dute. «Etxe atarian jartzen dira eta beti arreta piztu izan dit. ‘Jubilatzen naizenean’, pentsatzen nuen», argitu du. Iluntzean jarri eta batzuetan ordu txikiak arte egon omen da. Lan batzuk ehuntzen hilabeteak pasatu ditu, adibidez, mahai gainean dagoen aurpegia, edo iazko ikasturtean osatutako 3,5 metroko puntilla bat. Orain, irakasteko ardura ere badu, zori onez, haria ez eteteko.


