Ligatik koparako trantsizioa egin nahi du Realak
Txuri Urdineko mutilek kopako finalerdia dute, Realeko mutilek Alavesen kontrako euskal derbia, eta Bera Berak Euskal Koparen finala.
Realaren eta Sanse Complutenseren arteko partida bat.Reala Belar hockeyko lehen mailako liga zatitua ez ezik, erritmoa hartzeko ere zaila izan ohi da. Realeko neskak denboraldi irregularra egiten ari dira, eta gora begira jarri ezinda dabiltza. Atletic Terrassaren kontra lorturiko berdinketa gogoan, ezustekoa ematen saiatuko dira Sanse Complutenseren berdegunean, etzi, 12:45ean. Sailkapeneko hirugarren tokian daude madrildarrak, eta, beraz, neurketa oso zaila izango da. Txuri-urdinak, berriz, bederatzigarren tokian daude —hamabitik—. Partida baliagarria izango da hemendik gutxira jokatuko dutelako Espainiako Kopa, Sant Cugat del Vallesen (Katalunia).
Izotz hockeyan, ligako tituluak ihes egin ondoren, Txuri Urdineko mutilek kopa izango dute jokoan, Jacan (Aragoi, Espainia). Finalerdietako neurketa jokatuko dute bihar Puigcerdaren aurka (16:00). Irabaziz gero, Jacaren eta Madrilen arteko irabazlea izango dute finalean, igandean jokatuko dena, 16:30ean. Baliteke ligako titulurako finaleko arerio berarekin topo egitea finalean. Hau da, Jacarekin eta haien izotz pistan. Errebantxa hartzeko ezin aproposagoa?
Futbolean, Realak eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute Anoetan, bihar, 14:00etan. 31. jardunaldia izango da, retro gisa izendatu dutena, eta bi taldeek garai bateko arropa jantziko dute lehiarako. Levanteri etxean irabazi ostean, beste hiru puntu batzeko norgehiagoka izango da. Beti ere, datorren asteko kopako finala ahaztu gabe. Ordea, lehenbizi ligako lanak bete beharko dituzte txuri-urdinek.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek gustuko ez duen arerio bat hartuko du Gaskan: Valentzia (bihar, 18:00). Elkarren aurka jokaturiko azken neurketetan, donostiarrak ezinean aritu dira. Dena dela, tarteka sorpresa emanda garaitu dituzte. Sailkapeneko hamaikagarren tokian daude Azu Muguruzaren neskak, eta bolada txarretik atera ezinik dabiltza. Gipuzkoa Basketek, berriz, burua altxatzeko partida izango du bihar, Alacanten pistan (19:00). Goiko postuetan jarraitzeko irabaztea ezinbestekoa izango da.
Eskubaloian, Bera Berak beste titulu bat eskuratzeko aukera izango du. Euskal Kopako finala jokatuko dute gaur Oñatin, Barakaldoko Zuazo taldearen kontra (19:30).
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Sanse Complutense – Reala (etzi, igandea, 12:45)
Izotz hockeya
Gizonezkoen kopa, finalerdiak
- Txuri Urdin – Puigcerda (bihar, larunbata, 16:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 31. jardunaldia
- Reala – Alaves (bihar, larunbata, 14:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Valentzia (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 29. jardunaldia
- Alacant – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:00)
Eskubaloia
Euskal Kopako finala
- Bera Bera – Zuazo (gaur, ostirala, 19:30)


