«Mundua, ze arraio! Aldatuko dugu eta kito», Agus Txistulari gogoan
Plaza Berrian, turista eta turista artean, badago plaka txiki-txiki bat, ezezaguna. Agus Ormazabalen omenezkoa da, Agus Txistulari edo Shagus gisa ere ezaguna. Bere buruaz beste egin zuen, polizia indarkeriak utzitako zauriak sendatu ezin izan ondoren. Edo auskalo, ze arraio.
Agus Ormazabal, ekitaldi batean. Txema Ormazabal Garai bat markatu zuen arren, ez du sarean sarrera bakar bat ere Agus Ormazabalek (Antigua, 1952-1985). Sabino Ormazabal anaiak oroitzen duenez, beti joaten zen bere txistuarekin, futbolera, kalera, mendira… Frankismoan, aldarrikapen kutsua zuen edozer debekatuta zegoenez, txistua erabili ohi zuen jendea elkartzeko. Baita manifestazioetarako ere.
«Politikaz gain, beti musikari loturik bizi izan zen, musika txertatuz bere ekinbidean». Gerora, dirua behar zuenean, kalean aritu zen txistua jotzen, baita txirulak saltzen ere. «Txirulari popular» gisa gogoan dute haren gertukoek.
Mobilizazio askotan ibiltzen zen, txistuarekin edo gabe. Itxuraz, dohain berezia zuen jendea bereganatzeko: «Taberna bateko aulkira igotzen zen, pare bat txalo jo, eta greba horren arrazoiak zeintzuk ziren oihukatzen zuen, eta borrokara batzeko deia egiten zuen. Jendea tabernatik atera eta honek pertsiana jaisten zuen».
Burgosen egin omen zen antimilitarista, soldaduska egitean. Informatika ikasi zuen, baita ere. Eta mila saltsatan: Liga Komunista Iraultzailean, Satorra liburu dendan, Herri Arteko Bakean, komite antimilitaristetan, danborrada alternatiboak sortzen… Eta Eta kitto! aldizkariaren sortzaile eta «erredaktoreburu» ere izan zen.
Satorra liburu denda
1970eko hamarkadaren amaieran, erakunde komunista batek Urbieta kalean zuen pisu klandestino batean agertu zen Agus, Plaza Berrian liburu denda bat ireki behar zela eta. Plataforma politiko gisa irudikatzen zuen, lozorrotik ateratzeko garaiak zirela eta. Egungo Txurrut eta Tximista Berria tabernen artean zegoen jostun denda zahar batean egon zen Satorra liburu denda.
Ormazabalen kide batek kontatzen zuenez, arazoak gerora etorri ziren. Argitaletxeek berrikuntza guztiak ematen zizkieten, eta hiru hilabetetan itzultzen ez bazituzten, haiekin geratu behar zuten. Gazte «gorri inuxente» hauek «kontzientzia politikoan eta etengabeko iraultzan» pentsatzen ari zirenez, negozioan baino gehiago, hantxe jaten zituzten orotariko liburuak eta Leon Trotskiren idatzi guztiak! Argitaratu ere, argitaratu zuten zer edo zer: Parisko 68ko Maiatzaren inguruko liburutxo bat eta Agusen liburu berezi bat: Los Ovnis, testigos del cambio social.
«Txakurrak atzetik»
Gertakari lazgarri bat izan zuen Ormazabalek, bere bizitza eta heriotza osorik markatuko zituena. 1979ko irailaren 7an jarri zuen salaketa, gertakariak abuztuaren 22koak izan ziren arren. Itxuraz, bezperan, 21:00ak aldera, Zubieta kalean bi guardia zibil joan zitzaizkion, oihuka eta mehatxuka, eskuan labana bat zutela. Bahia tabernara sarrarazi zituen Ormazabalek, eta orduan egin zuen ihes, bertakoen laguntzaz.
Ordea, biharamunean, «Goia tabernaren inguruan, Hermanos Iturrino kalearen inguruan», 25 urteko bi gizonek eraso egin zioten, goizeko hirurak inguru zirela. Hitz erdirik esan gabe, bizkarretik egin zioten eraso, aurpegian kolpatuz eta konorterik gabe utziz. Lau gaztek topatu zuten Ormazabal, lurrean botata, eta Gurutze Gorrira eraman zuten.
Bizkarretik egin zioten eraso, aurpegian kolpatuz eta konorterik gabe utziz. Lau gaztek topatu zuten Ormazabal, lurrean botata
Honela kontatu zuten Eta kitto!-n: «Urte askotan zehar Agusek eraman du bere bizkarrean gau horretako ikara, beldur jasanezin hori. Bere bizitzaren azken egunera arte lagundu behar zuen Agus beldur itogarri horrek». Alkohola eta buru osasuna izan zituen bidesari, eta azkenean, buruaz beste egitera eraman zuen.
Aldizkari inkonformista
Eta kitto! aldizkaria sortzeko lehenengo bilera 1980ko abenduan egin zuen Ormazabalek, eta ilargi beteko gauetan egiten zituzten afari-bilerak. «Agus zen gainontzekoak liatu zituena. Koordinatzailea. Zita eta telefono deiena… Aldizkaria berebizikoa zen harentzat. Hamaika gaien inguruan idazten zuen: antimilitarismoa, Objektu Hegalari Ezezagunak, hiri kronikak edo Alkainen alkatekadak, droga, erlijioa, Zaharreanen saiakerak Parte Zaharra El Corte Ingles bihurtzekoa, munipen gehiegikeriak…».
Azken ale bat argitaratu zuten Eta kitto!-n, Agus gabe zentzua galdu zuela iritzita, eta aurrerago, Donostiako sentimendu inkonformista zuen beste proiektu bat aterako zela sinetsita… Joselito-Jesus ezizenez idazten zuen batek onartzen zuen azken urteetan pertsona zaila zela Agus. Baina maitasunez gogoratu zuen: «Shagus, ez dut uste zeure burua hil duzunik. Ziur naiz hil zaituztela».
Askatasunaren aldeko militante gisa oroitu zuten bere agurrean. «Bere modura, baina militante»: «Ez zen sekula errenditu. Ezta bere heriotzan ere». Plaza Berrian duen oroigarrian jarri dezakegu gogoa, bertatik pasatzen garen hurrengoan. Iduzki denean bere abesti gogokoena abestuz, danborrada alternatiboak sortuz edo «sentimendu inkonformista» idatziz. Ze arraio!





