«Nire helburua eta klubarena saskibaloiarekin gozaraztea da»
Askatuak-eko jokalaria izan zen gazte mailara bitarte, eta gero bere arrebaren eskolako saskibaloi taldea entrenatu zuen. Gustatu zitzaion esperientzia, eta ordutik ez da gelditu Sergio Garcia (Altza, 1983). Bilbo utzi eta Donostiara etorri zen, Gipuzkoa Basket gidatzeko.
Sergio Garcia entrenatzailea, Gipuzkoa Basketen Illunbeko prentsa aretoan.Inaxio Esnaola Une honetan, pozten al zara etxera itzuli eta Gipuzkoa Basketen ardura hartu duzulako?
Asko, gainera. Banekien arrisku moduko bat zela niretzat, Bilbo Basketen egonkortuta nengoelako profesionalki eta pertsonalki. Ordea, etxeko taldea gidatzeko ardura emateko deitu zidaten, eta baiezkoa ematea erabaki nuen. Erronkak asko motibatzen ninduen, eta, bai, asmatu dudala uste dut. Gozatzen ari naiz egunerokoarekin, harreman ona dut presidentearekin, kirol zuzendariarekin eta gainerako langileekin. Esan moduan, pozik eta eroso nago.
Kluba asko aldatu da 2017tik 2019ra bitarte bigarren entrenatzaile gisa aritu zinenetik?
Erabat. Oso desberdina da dena. Kluba utzi nuen garaiko oso gutxik jarraitzen dute; presidenteak eta zuzendaritzako kide batzuek. Beraz, ezagutzen ez nituen askorekin egin dut topo. Aldatu diren gauzei dagokienez, klubak jarrera positiboagoa eta alaiagoa duela uste dut, baita irekiagoa ere. Denok gustura egoteko konpromisoa du klubak, eta hori estimatzekoa da.
Palentzian laguntzaile eta entrenatzaile moduan urteak eman ondoren, Coruñan esperientzia oso ona izan zenuen, eta Bilbon maila gorenean ibili zara. Entrenatzaile moduan, heldutasunera iritsi zara?
Egunerokoaz gozatzen ari naiz, eta urtetako esperientziari esker, jokalariei ekarpen gehiago egin ahal dizkiet. Izan ere, entrenatzaile gaztea naizen arren, hogei urte baino gehiago daramatzat saskibaloi taldeak gidatzen. Denetarik ikusi eta ikasi dut, eta eskarmentua pilatu dudala esan dezaket. Beraz, bai, baliteke heldutasunera iritsi izana.
Nolakoa izaten ari da denboraldia zure entrenatzaile ikuspegitik?
Oso konplexua izaten ari da. Denboraldiaurrea ez zen ona izan. Jokalari asko aurreikusitakoa baino beranduago iritsi ziren Donostiara, eta garaiz iritsitako batzuek min hartu zuten. Prestaketa ez zen nahi genuena izan, eta horrela abiatu genuen txapelketa. Gainera, FEB ligako egutegiaren hasiera gogorra zen, kategoriako talde indartsuenen kontra jokatu behar genuelako. Hori guztia aintzat hartuta, abiapuntua ez zen esperotakoa izan.
Ez naiz talde batekin sekula ibili sailkapeneko azken postuetan, eta horrek beste gauza batzuk ikasten lagundu dit. Lan asko egin dugu taldea osatzeko eta egonkortzeko, eta pixkanaka lortu dugu sailkapeneko putzutik igoerako postuetara iristea.
Nola lortu duzue egoera horrela iraultzea?
Ez ginen erotu, eta buruan genuen ideiari eutsi diogu. Bide bat hartu genuen, eta lortu dugu egoera zeharo aldatzea eta talde sendo gisa jokatzea partidak. Joko kolektiboa asko landu dugu, taldean izarrik ez dugulako, eta oinarrian defentsa on baten alde egin dugu, lortu dugun arte.
Liga erregularrean zortzi partida jarraian irabazita, Gipuzkoa Basketek errekor berria ezarri du sasoi honetan.
Eta hori oso zaila da. Lorturikoa berdintzea eta gainditzea oso zaila izango da. Izan ere, FEB liga oso lehiakorra eta parekatua da. Goiko taldeei irabazi ahal diezu, eta beherago dituzunen kontra galdu. Beraz, zortzi neurketa jarraian irabaztea balentria moduko bat da.
Helburu bakarra igoera fasea jokatzea da?
Kirol emaitzei dagokienez, bai. Dena dela, nire helburua eta klubarena saskibaloiarekin gozaraztea da. Gu ikustera datozenek gozatzea eta haiek kirol pistara beste pertsona batzuk erakartzea da nahiko nukeena. Saskibaloiaren eta Gipuzkoa Basketen zaleak dira gure jomuga.
Gipuzkoa Basketek maila gorenera igotzeko gaitasuna du?
Guk argi daukagu gai garela edozein talderen aurka lehiatzeko, baita irabazteko ere. Erakutsi dugulako diot. Era berean, badakigu ligako edozein talderen kontra gal dezakegula. Bestalde, aitortu behar dut maila gorenera iristeko presiorik ez dugula, baina ezin da ukatu hori lortzea gustatuko litzaigukeela.
Sergio Garciak gidatuko luke Gipuzkoa Basket ACB ligan?
Ametsa litzateke, egia esan. ACB ligako entrenatzailea izan nahi dut, eta ederra litzateke etxeko taldearekin izatea.
Illunbetik Gaskara jaitsi zarete. Aldaketa handia izan al da?
Jatorrira itzuli gara, nolabait. Haurra nintzela, Gaskako harmailetan izan nintzen Askatuak-en partidak ikusten. Geroago, Gipuzkoa Basket ACB ligara igotzen ikusi nuen, kantxa berean. Illunberekin alderatuta, zaleak gertuago sentitzen ditugu Gaskan, berotasun hori eskertzen dugu. Giroa hobea da, zarata gehiago dago, eta arerioek aitortu digute gure zaleen presio gehiago sentitzen dutela, kirol pista txikiagoa delako.
Halere, Illunbera bueltatuko zarete pabiloi berria eraikitzen denean. 2030. urterako aurreikusi dute prest egotea.
Donostiak eta Gipuzkoak kalitatezko kirol instalazioak behar dituzte, eta Illunbeko pabiloi berriaren proiektua erakargarria iruditzen zait. Hori bai, baliabide guztiak izateaz gain, gustatuko litzaidake publikoa jokalariengandik gertu egotea. Askotan esaten dudan moduan, ezinbestekoa da zaleek taldearekin batera jokatzea. 2030era arte Gaskan arituko gara, eta kantxa hori betetzea dagokigu.
Azkenik, bat egin dute Gipuzkoa Basket eta Askatuak klubek talde bakarra osatzeko. Albiste ona da?
Oso ona. Adiskidetze baten emaitza da, desadostasunak iraganean utzita. Orainak eta etorkizunak bat egin dute akordioarekin, eta uste dut onuragarria izango dela. Masa soziala handitzen lagunduko du, eta saskibaloian aritzen diren haurrak zein familiak barneratuko dira proiektu bateratuan. Pertsonalki, kirol pistako harmailetan neska-mutil asko ikustea gustatuko litzaidake, haiek direlako Donostiako eta Gipuzkoako saskibaloiaren etorkizuna.


