Txomiñeneko erabilera lagapeneko 109 etxebizitza babestuak irailean entregatuko dituzte
Bizitegi multzoak 122 aparkaleku, 109 trasteleku, eta beheko solairuan bost merkataritza lokal ere baditu.
Txomiñeneko babesturiko etxebizitzen eraikin berrietako bat.Irekia Gaur goizean, Txomiñeneko babes ofizialeko 109 etxebizitzen azken fasea bisitatu du Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak. Eraikuntza lanak bukatzen ari dira, eta bizilagunei giltzak irailean ematea aurreikusten dute. Martxoaren 25ean egindako batzar batean horrela jakinarazi zieten.
Itxasok proiektuaren “izaera berritzailea” nabarmendu du, “Euskadiko lehena eta mugarria” delako: “Erabilera lagapena, gizarte lankidetzako eredu aitzindaria da, lurzoruaren titulartasun publikoa babesten duena, etxebizitza eskuratzeko aukera handitzen duena, eta, batik bat, espekulazioa saihesten duena. Formula hori hedatu nahi dugu eta, horretarako, Euskadin etxebizitzaren arloan hain errotuta dauden egitura kooperatiboak indartu behar ditugu”.
Sustapenerako guztira 14,2 milioi euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak, eta “giltza eskuan” modalitatean obra egikaritzeko kontratuarekin lotzen da. Horrela, proiektuaren kontrol ekonomikoa bermatu ahal izan da, aurrekontu desbideratzerik gabe amaitu arte. 2024ko urtarrilaren 26an hasi ziren obrekin, eta Obras Especiales eraikuntza enpresak egin ditu.
Babes ofizialeko 109 etxebizitzek 122 aparkaleku, 109 trasteleku, eta beheko solairuan bost merkataritza lokal ere baditu, “ingurunean erabat integratuta dagoen bizitegi espazioa osatuta”.
Bizikide kooperatiba
Itxasok gaurko ekitaldia aprobetxatu du Bizikide kooperatibari “eredu hori zabaltzen laguntzeko” eskatzeko, “Euskadin hitzaldiak antolatuz, modu planifikatuan eta zabaltzeko helburuarekin”. Ildo beretik, nabarmendu du Txomineko proiektu hau “erreferente” bihurtu behar dela, “etorkizunean eredu kooperatibista handitzea eta indartzea ahalbidetuko digun ikaskuntzaren adibidea delako”.
Bizikide kooperatiba sozietatea 109 bazkidek osatzen dute, eta bazkide horiek modu aktiboan parte hartu dute proiektuaren garapenean, hasieratik. Kooperatibako kide izateko, bazkide bakoitzak batez beste 35.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin zuen hasieran, kapital sozialaren kontzeptuan, baina eraikuntza prozesuan ez du ordainketa gehigarririk egin behar izan. Obrak amaitutakoan, eta babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa eta lehen okupazioko lizentzia lortu ostean, bazkideek erabilera lagapeneko eskrituraren bidez eskuratuko dituzte etxebizitzak. Une horretatik aurrera, batez beste 750 euro inguruko hileko kuota ordaintzen hasiko dira.
Kuota hori ez da etxebizitzaren erabilerara mugatzen, eraikinaren funtzionamenduarekin lotzen diren kostu guztiak barne hartzen baititu. Hain zuzen, barnean hartzen ditu: espazio komunak eta zerbitzuak mantentzeko beharrezkoak diren komunitate gastu arruntak; eraikuntza finantzatzeko kooperatibak sinatutako maileguaren amortizazioa eta interesen ordainketa; eta erreserba funtserako ekarpena, higiezina denboran zehar kontserbatzen dela bermatze aldera. Ereduak kudeaketa demokratikoko osagaia ere badu.
Kooperatibak urtean behin egingo du ohiko batzarra, eta bertan bazkide guztiek parte hartuko dute erabakiak hartzeko garaian —kontuak onartzeko eta ekitaldi bakoitzerako kuotak finkatzeko garaian, esaterako—.
Sustapena
Bizitegi multzoa etxadi itxi baten gisara antolatzen da, auzo bizitzaren ardatza izango den barne plaza baten inguruan. 109 etxebizitzak zortzi ataritan banatzen dira. Atari bakoitzak beheko solairua gehi bost goi solairu eta atikoa du, eta, hala, kale nagusiarekin bat datorren bolumetria homogeneoa sortzen da. Barne urbanizazioa irizpide funtzionalen eta irisgarritasun irizpideen arabera diseinatu da, atarietarako sarbideak gainerako hiri-ingurunearekin lotzen dituzten ibilbide argien bidez. Ibilbide horiek zenbait materialekin eta hiri altzarirekin egin dira, hala nola eserlekuekin eta farolekin, plazari izaera propio bereizgarria ematen laguntzen dutenak.
Eraikinak sotoko hiru solairu ditu garaje, trasteleku eta instalazioetarako, guztira 122 aparkalekurekin eta 109 trastelekurekin. Espazio horien antolamenduak osotasunaren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna bermatzen du, solairu guztiak —mailarik sakonenak barne— lotzen dituzten igogailuei esker. Etxebizitzei dagokienez, proiektuak askotariko tipologiako etxebizitzak eskaintzen ditu, eskaera profilei erantzute aldera. Gela bateko, biko, hiruko eta lauko etxebizitzak diseinatu dira, desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako unitateak barne. Aniztasun hori modu orekatuan banatzen da atarien artean, eta, hala, zenbait familia premietara egokitutako bizitegi multzo inklusiboa osatzen da.
Beheko solairuan, kalearen mailan, kokatutako merkataritza lokalek osatzen dute proiektua. Lokal horiek inguruko jarduera dinamizatzen lagunduko dute, eta bazkideek berek erabili ahal izango dituzte edo hirugarrenentzat zabal daitezke.



