Aietek institutu publikoaren aldeko urrats erabakigarria egin du, adostasun politiko eta sozial zabalarekin
Aieteko institutua Bai kolektiboko kideak udaletxean, hainbat zinegotziren babesarekin.Xalba Ramirez Aiete auzoan institutu publiko bat sortzeko aukera gero eta hurbilago dago. Hala jakinarazi dute Aieteko Ikastetxeko hezkuntza komunitateak —guraso elkartea, zuzendaritza eta Eskola Kontseilua— eta Lantxabe auzo elkarteak, Aieteko Institutua Bai Kolektiboa osatzen duten eragileek.
Gaur goizean jakinarazi dutenez, Donostiako Udalak aho batez eskatuko du auzoan DBH eskaintza publikoa bermatuko duen institutu bat sortzea. Ezohiko adostasun politiko eta soziala dela azpimarratu dute, eta aukera paregabea dela proiektua aurrera eramateko.
Mozioa joan den ostiralean, apirilaren 10ean, erregistratu zen, eta apirilaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Ekimenak alderdi guztien babesa du: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Donostia eta Alderdi Popularra. Onartuz gero, proposamena Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaie, 2027ko aurrekontuetan sar dezaten.
Premiazko beharra
Gaur egun, Aieteko ikasleek derrigorrezko bigarren hezkuntza (DBH) egiteko beste auzo batzuetara joan behar dute. Egoera horrek “sakabanaketa” eragiten du, ikasleen arteko loturak ahuldu eta inguruko ikastetxeak gainezka jartzen ditu, besteak beste Luberri eta Peñaflorida bezalako zentroetan.
Proposatutako institutuak, berriz, hezkuntza jarraipena auzoan bertan bermatuko luke, familien kontziliazioa erraztu eta gizarte kohesioa indartzeaz gain, euskararen erabilera sustatzeko ere balioko luke.
Datuak eta aukera estrategikoa
Eustaten arabera, Aieten 0 eta 19 urte bitarteko 3.000 biztanle baino gehiago daude, auzoko biztanleriaren %30 inguru. Datu horrek agerian uzten du hezkuntza azpiegitura berrien beharra. Gainontzeko auzoetan hainbat ikastetxe ixten ari direla eta, Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek nabarmendu du hori “mantra” bat dela, Aieten, haurrentzako eskaintza mugatua dela nabarmen. Baina ez hori bakarrik. Azaldu du “oinarrizko eskubide” bat dela hezkuntza auzoan eduki ahal izatea: “Hezkuntza Publikorako eskubidea da jokoan dagoena”.
Gainera, Hezkuntza Eraiki 2030 planak hezkuntza azpiegituretan inbertsio handiak aurreikusten dituela nabarmendu dute, eta testuinguru horretan kokatzen dute Aieteko institutuaren proiektua, bideragarritasun handiagoarekin.
Herritarren mobilizazioa
Testuinguru honetan, Aieteko Institutu Bai kolektiboak auzotarrei dei egin die datorren apirilaren 17an, 17:30ean, Aieteko Topalekuan egingo den bileran parte hartzera. Bertan mozioaren xehetasunak azalduko dira eta proiektuari babes zabala ematea bilatuko dute. Eragileek azpimarratu dute momentua “erabakigarria” dela: adostasuna badago, eta orain pausoak emateko garaia dela.


