Ibaeta Basketek behar zuen balentria
Azu Muguruzaren neskek Valentzia menderatu dute, eta Gipuzkoa Basketek etxetik kanpo irabazi du. Bestalde, Txuri Urdin ez da koparen lehian sartu.
Ibaeta Basketen eta Valentziaren arteko norgehiagoka, Gaskan.Ibaeta Basket Arnasa hartu du Ibaeta Basketek denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratuta. Larunbatean lortu zuen, Gaska kiroldegian, zaleen aurrean. Valentzia hirugarren sailkatuari irabazi zioten, partida oso on bat jokatuta (69-57). Porroten eta sentsazio txarren boladari bukaera eman dio Donostiako saskibaloi taldeak. Orain, sailkapen nagusiko hamaikagarren tokian daude. Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin zuen, Alacanten pistan (74-87). Garaipen garrantzitsua da Sergio Garciaren mutilentzat, sailkapeneko goiko postuetatik ez aldentzeko —seigarrenak dira, une honetan—.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek ezin izan du denboraldi ona borobildu. Kopako tituluaren lehian izan dira donostiarrak, baina finalerdietako partida erabakigarria ezin izan zuten gainditu. Jacan jokaturiko azken fasean, Puigcerdaren kontra galdu zuten (2-5). Finalean, berriz, etxeko taldeak eskuratu zuen titulua. Hau da, Jacak. Kopa ez ezik, liga ere eskuratu dute Aragoikoek.
Belar hockeyan, zigor handiegia jasan zuen Realak Sanse Complutenseren zelaian (4-1). Azken laurdenera berdinduta iritsi ziren bi taldeak, baina txuri-urdinen kontra adierazitako hiru penaltik erabaki zuten norgehiagoka.
Eskubaloian, Bera Berak Euskal Kopako finala galdu zuen Oñatin, Zuazoren aurka (23-25). Donostiako taldeak bigarren taldeko jokalari askorekin jokatu zuen, eta horrek hein handi batean eragina izan zuen azken emaitzan. Finala lehiatua izan zen arren, Barakaldokoak eraginkorragoak izan ziren erasoan eta defentsan.
Futbolean, Realak ezin izan zuen retro jardunaldian irabazi, Espainiako Kopako finalaren atarian. Alavesen kontrako euskal derbia izan zuen larunbatean, eta garaipena eskura izan arren, neurketako azken minutuan bi puntuk ihes egin zuten (3-3). Arabarrak bi aldiz aurreratu ziren markagailuan, gol inozo samarren bidez, baina txuri-urdinek berehala erantzun zuten Sucicen eta Turrientesen bidez. Aurreratzea ere lortu zuten, Oskarssonen golarekin, baina esan moduan, 97. minutuan berdindu zuen Alavesek. Liga albo batera utzita, dagoeneko hilaren 18ko La Cartujako finalari begira dago Reala, eta baita zale guztiak ere.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Ibaeta Basket 69 – Valentzia 57
Gizonezkoen bigarren maila, 29. jardunaldia
- Alacant 74 – Gipuzkoa Basket 87
Izotz hockeya
Gizonezkoen kopa, finalerdiak
- Txuri Urdin 2 – Puigcerda 5
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Sanse Complutense 4 – Reala 1
Eskubaloia
Euskal Kopako finala
- Bera Bera 23 – Zuazo 25
Futbola
Gizonezkoen liga, 31. jardunaldia
- Reala 3 – Alaves 3


