Historia errepikatu daitekeelako
Realeko gizonezkoen taldeak Atletico Madrilen kontra jokatuko du Espainiako Kopako finala, bihar, hilak 18. Bigarren aldia izango da, 1987an ere elkarren aurka aritu zirelako. Orduan, txuri-urdinek altxatu zuten kopa, penaltietan gailendu ostean. Eta bihar?
Luis Miguel Arkonada eta Juan Antonio Larrañaga, 1987ko koparekin.Reala Bosgarren Espainiako Kopa nahi du Realak. Gizonezkoen taldeak hiru ditu: 1909koa —Club Ciclista de San Sebastian izenarekin—, 1987koa eta 2020koa —2021ean lortu zuena, finala pandemiak urtebete atzeratu ostean—. Emakumezkoenak, berriz, bat dauka, 2019koa. Hain zuzen ere, Atletico Madril mendean hartuta. Beraz, hirugarrenez neurtuko dituzte indarrak txuri-urdinek eta madrildarrek kopako final batean: 1987an, 2019an eta 2026an.
Bihar, hilak 18, Sevillako La Cartuja futbol zelaian jokatuko den neurketak, ezinbestean, 1987an Zaragozako La Romareda futbol zelaian izan zen kopako finalera garamatza. Egungo txapelketa ereduarekin eta formatuarekin alderatuta, oso bestelakoa izan zen 1980ko hamarkada bukaerako hura. Hainbat mailatako 141 taldek parte hartu zuten, eta 154 partida jokatu ziren hamar hilabetetan zehar. Reala bukaeraraino iritsi zen, sei kanporaketa gaindituta. Hain zuzen ere, txuri-urdinek aurkari hauek kanporatu behar izan zituzten finalera ailegatzeko, hurrenez hurren: Baskonia, Montijo, Vila-real, Eibar, Mallorca Atletico eta Athletic —aurten gertatu den modu berean, finalerdietan—.
Hamaika metroetatik
1987ko ekainaren 27an jokatu zen Realaren eta Atletico Madrilen arteko finala. John Benjamin Toshack galestarra zen txuri-urdinen entrenatzailea, eta Luis Aragones madrildarrena. Denboraldi hartan, zazpi donostiar zeuden gizonezkoen lehen taldean: Luis Miguel Arkonada, Agustin Gajate, Jose Miguel Zuñiga, Juan Mari Mujika, Ibon Barral, Santiago Martin eta Jon Aginaga. Aldiz, soilik hiruk parte hartu zuten finalean. Arkonadak eta Gajatek norgehiagoka osoa jokatu zuten, eta Mujika 86. minutuan sartu zen, Jesus Maria Zamoraren ordez. Finala jokatu zuten gainerako jokalariak izan ziren Luis Maria Lopez Rekarte, Juan Antonio Larrañaga, Luis Fernando Dadie, Alberto Bixio Gorriz, Javier Maria Sagarzazu, Jose Mari Bakero, Aitor Txiki Begiristain eta Roberto Lopez Ufarte. Aulkitik atera zen Martin Begiristain, eta jokatu gabe geratu ziren Jokin Uria, Jose Javier Zubillaga eta Jose Luis Gonzalez.
Lehiakortasun handiko finala izan zen. Txuri-urdinek eman zuten lehen kolpea 9. minutuan. Kontraeraso batean, Bakerok txilenaz egin zion pasea Lopez Ufarteri, eta honek ate barrura bidali zuen baloia. Ordea, Atletico Madrilek 24. minutuan lortu zuen berdinketa, Jorge Da Silvaren bidez. Ondoren, Reala markagailuan aurreratu zen, berriz ere. Txiki Begiristainek egin zuen bigarrena, 35. minutuan, Bakeroren beste pase bati esker.
Bigarren zatian, Reala hirugarren golaren bila abiatu zen. Dena dela, Atletico Madril bi gol egin zituen, baina lehena baliogabetu zuen Joaquin Ramos Marcos epaileak, jokoz kanpokoa izan zela adierazita. Bigarrenean, ordea, ez zuten huts egin madrildarrek. Juan Jose Rubiok ezarri zuen binakoa markagailuan, 74. minutuan. Arauzko denbora berdinketarekin bukatu zen, eta bi taldeek ordu erdiko luzapena jokatu behar izan zuten. Ez zen aukera askorik izan, ezta golik ere. Ondorioz, hamaika metroetatik erabaki zen finala.
Realak ez zuen hutsik egin, eta, jaurtitako lau penaltiak sartu zituen. Atletico Madrilek, ordea, ez. Da Silvak kanpora bidali zuen baloia, eta Arkonadak Quique Ramosen jaurtiketa gelditu zuen. Jokalariek, teknikariek eta zaleek sekulako pozarekin ospatu zuten.
Ospakizuna
Zuri-beltzeko lehen koparen ostean, koloretan dokumentatu zen lehena izan zen 1987koa. Batez ere, gogoangarria da Donostiako Udaletxearen aurrean, Alderdi Ederren, elkarturiko jendetza. Realeko jokalariek herritarrei eskaini zieten kopa, udaletxeko balkoitik. 39 urte geroago, gauza bera gertatu daiteke, eta udaletxea txuri-urdinez jantzi dute kopako finalari begira. Historia errepikatuko al da?


