«Pieza bakoitzak bere istorioa du»
Parkean Arte denda artisautzaren eta sormenaren topagune bihurtu da azken urteotan. Laida Usandizaga bitxigileak eta Idoia Grijalbo ('@zeramix') zeramikariak gidatzen dute proiektua, bertako zein inguruko artisauen lanak bilduz.
Laida Usandizaga eta Idoia Grijalbo, Parkean Arteko bitxigilea eta zeramikaria.Garazi Etxaniz Idarreta Nola sortu zen Parkean Arte?
Laida Usandizaga (L.U.): Txikitatik ezagutzen genuen elkar, baina bakoitzak bere bidea egin zuen: Idoiak zeramika ikasi zuen eta nik bitxigintza. Feria batean berriro elkartu ginen, bakoitza bere postuarekin, eta han konturatu ginen gure lanek ondo funtzionatzen zutela elkarrekin. Hortik aurrera, proiektuak partekatzen hasi ginen, eta azkenean denda irekitzera animatu ginen, 2017ko irailean.
Zer aurki daiteke dendan?
Idoia Grijalbo (I.G.): Gure lanak saltzen ditugu, batez ere zeramika eta bitxiak, baina baita beste artisau batzuen piezak ere: eskuz egindako koadernoak, eskulturak edo itsasoko egurrarekin sortutako objektuak.
L.U.: Ehungailuarekin egindako poltsak eta bufandak ere baditugu, baita collageak ere. Inguruko artisauak dira, eta askotan ferietan ezagutzen ditugu edo beraiek etortzen dira dendara. Garrantzitsua da gure estiloarekin bat egitea, bai estetikoki, bai prezioari dagokionez.
Nondik dator izena?
I.G.: Parke kalean gaude, eta proiektua prestatzen ari ginenean beti esaten genuen, «geratuko gara parkean?». Horrela sortu zen Parkean Arte izena.
Nolakoa izan da ibilbidea 2017tik hona?
L.U.: Hasieran, denda nobedadea izan zen, baina berehala etorri zen pandemia eta itxi behar izan genuen. Gero, auzoko jendeak asko babestu gintuen, eta, orain, pixkanaka zabaltzen ari garela sentitzen dugu.
Online salmentak egiten dituzue?
L.U.: Ez da gure lehentasuna. Garrantzitsua iruditzen zaigu jendea dendara etortzea, piezak ikusi, ukitu eta probatzeko aukera izan dezan. Bezeroekin hitz eginda, behar izanez gero, piezak moldatu ditzakegu; hori zaila da online eskaintzea. Azken finean, artisautzaren atzean dagoen lana ezagutzea aberasgarria da, pieza bakoitzak bere istorioa baitu.
Tailerrak ere eskaintzen dituzue. Nolakoak dira?
I.G.: Zeramikako ikastaroak ditugu, eta 30 bat ikasle etortzen dira astero. Egun bakarreko tailerretatik harago joan nahi dugu, teknikak eta prozesuak sakon irakasteko.
L.U.: Noizean behin, tailer bereziak ere antolatzen ditugu. Esaterako, apirilaren 23an, koadernoak sortzeko tailerra egingo dugu.
Nola bizi duzue euskararen erabilera?
L.U.: Udaleko euskararen programan gaude, eta beti saiatzen gara lehen hitza euskaraz egiten, horrek askotan errazten duelako bezeroak ere euskaraz aritzea. Pentsatzen dugunak baino jende gehiagok egiten du euskaraz.
I.G.: Tailerretan ere moldatzen gara, batzuk kanpotik etortzen baitira




