145.000 pertsona inguru batu ditu Realak Donostian, egunotako ospakizunetan
Adin guztietako jendea batu da egunotan Donostian, kopa ospatzeko.Aratz Garcia Egun “borobilak” izan dira Donostiarentzat pasatutako larunbata eta astelehena. Horixe esan du Jon Insausti alkateak gaur egin duen agerraldian, eta bertan, Realaren afizioaren “eredugarritasuna” azpimarratu nahi izan du: “Nekez ahaztuko digun eguna izan zen atzokoa”.
145.000 pertsona inguru batu dira, bi egunetan: 45.000 pertsona larunbatean eta 100.000 astelehenean; horietatik 64.000 Anoeta eta Alderdi Eder bitarteko bidean egon ziren, Realeko jokalariei babesa ematen. Alkateak esan duenez, horrek guztiak “benekotasuna” erakutsi du: “Belaunaldien arteko ospakizun bat izan da”. Gaineratu du, hala, 527 haurrek hartu zutela parte harrerako danborradan.
Segurtasun dispositiboa
Horrez gain, segurtasunari eman nahi izan dio garrantzia alkateak: “Ekitaldi segurua izan da eta dena espero baino hobeto atera da”. Segurtasun plan potente bat aktibatu zuen udalak, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, Babes zibilaren, suhiltzaileen, Dyaren eta beste zenbaiten laguntzaz. Horrez gain, kalean hamarnaka anbulantziak, helikopterok eta dronek ere erraztu zuen jarduera osoa segurua izatea, alkatearen hitzetan.
Horrez gain, alkateak adierazi du 6,8 kilometroko bidea hesitu zutela —Anoeta eta Alderdi Eder bitartean— eta hiru pantaila erraldoi jarri zituztela, zaleek ere momentuaz goza zezaten: bi Alderdi Ederren eta bat Miramar kalean, jaurlaritzaren egoitzaren parean.
