700.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udalak hondartzetako zerbitzuetara
Ondarretako hondartza. Udako denboraldia begiz jota, Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko hiru hondartzetako —Kontxa, Ondarreta eta Zurriola— eguzkitakoen, aulkien eta etzaulkien alokairu zerbitzua berritzeko urratsa eman du. Kontratazio espediente berriak 705.039 euroko aurrekontua du eta bi urteko iraupena izango du, urtez urte hiru aldiz luzatzeko aukerarekin.
Kontratuaren helburua hondartza bakoitzeko berezitasunari erantzutea da, herritarrei eta bisitariei zerbitzu publiko “erosoa” eta “ingurumenarekiko errespetuzkoa” eskainiz. Banaketa honela egingo da: karpak, eguzkitakoak eta olanak jarriko dituzte Ondarretan, toldoak eta aulkiak Kontxan eta etzaulkiak, aukerako eguzkitakoak eta olanak, Zurriolan.
Muntaketa eta mantentze lanak
Zerbitzuak bere baitan hartzen du hondartzetako elementu guztien kudeaketa teknikoa; hala, kontratuak elementu eta altzari horien garraioa, muntaketa eta desmuntaketa bermatuko ditu. Era berean, udan zehar materialaren mantentze eta kontserbazio lanak egingo dituzte, eta denboraldia amaitutakoan, guztia biltegiratzeaz arduratuko da enpresa esleipenduna.
