Bagera elkarteak dinamizatuko ditu Donostiako auzoetako euskara batzordeak
Bagerak Euskararen egunaren harira antolatutako mintzodromoa, San Telmo museoan.Nagore Garmendia Donostiako udalak aurrerapauso bat eman du hiriko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko estrategian: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteari esleitu zaio auzoetako euskara batzordeak sortu, koordinatu eta dinamizatzeko zerbitzua. Kontratuak bi urteko iraupena izango du hasiera batean, eta urteko 41.150 euroko aurrekontua bideratuko du udalak, egiteko horretara.
Zerbitzu horren helburu nagusia, auzoetako euskara batzordeei laguntza teknikoa eta aholkularitza zuzena eskaintzea da; besteak beste, Bagerak auzo bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren diagnostikoak egiten lagunduko du. Azterketa horietan oinarrituta, auzo bakoitzeko ezaugarrietara egokitutako plan integralak diseinatuko dituzte, betiere Donostiako Euskararen Plan Orokorraren (ESEP) irizpideak jarraituz.
Dinamizatzaileak, ezinbestekoak
Diagnostikoez gain, dinamizatzailearen figurak funtsezko papera jokatuko du eragileekin harremanak estutzerako orduan, bilerak eta topaketak antolatuz eta euskararen erabilera sustatuko duten ekintza zehatzak abian jarriz; izan ere, dinamizatzaileei esker mantentzen dira “bizirik” euskara batzordeak, eta figura hori txertatzea “ezinbestekotzat” jo du udalak.
