Feminismoa, giza eskubideak eta Europa izango dituzte hizpide
Arantza Campos Rubio, solasaldi batean.Donostia Kultura San Telmo museoak Erronkak programaren apiriletik ekainera bitarteko egitaraua aurkeztu du. Egungo erronka sozial, politiko eta kultural nagusien inguruan hausnartuko dute. Oraingoan, feminismoa, giza eskubideak eta Europa izango dituzte hizpide.
Pentsamendu feminista eta gizarte eraldaketa
Feminismoa funtsezko tresna da desberdintasun garaikideak aztertzeko eta eraldatzeko. Hilaren 23an, Ainhoa Lasa Lopez ikerlari eta ikerketa feministetan adituak Revisitando el feminismo frente a la refundación del patriarcado: génesis, evolución y potencial transformador hitzaldia emango du.
Feminismoari lotutako ziklo honek maiatzaren 13an jarraituko du Arantza Campos Rubio Zuzenbidearen Filosofiako irakasle eta giza eskubideetan adituak eskainiko duen Agenda feminista y Derechos Humanos hitzaldiarekin.
Ekainaren 4an itxiko da hitzaldi sorta Feminismo y globalización: imaginarios, debates y agendas topaketarekin. Bertan parte hartuko dute Luisa Posada filosofo eta feminismo ilustratuaren erreferenteak eta Rosa Cobo teoria feministan eta genero desberdintasunetan espezializatutako soziologoak.
Gipuzkoa Feminista Elkarteak eta museoak antolatutako hitzaldi zikloak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunderen laguntza du.
Giza eskubideak eta nazioarteko testuingurua
Giza eskubideen azterketa izango da programaren beste zutabeetako bat. Hilaren 29an, Ryma Sheermohammadik, Ekialde Hurbileko gaietan espezializatutako analistak, Irango egoera aztertuko du Irán: sociedad civil, movimientos sociales y el dilema moral de un país que busca cambio hitzaldian.
Maiatzaren 14an, Manuela Carmenak, legelari eta Madrilgo alkate ohiak, ¿Dónde están los derechos humanos? hitzaldia eskainiko du, egungo testuinguruan giza eskubideak defendatzeko erronkez gogoeta eginez.
Bi hitzaldiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolatutako XXIX. Giza Eskubideen Ikastaroen parte dira.
Europa eta demokrazia eraldatzen
Europak bere eredu politikoak eta gobernantza ereduak berrikustea eskatzen duten erronka estrukturalei egin behar die aurre. Maiatzaren 7an, Ander Gurrutxaga Soziologiako katedradunak, Eva Silvan komunikazio eta analisi politikoan adituak eta Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak Populismos, polarización y preservación de la democracia hitzaldia eskainiko dute.
Maiatzaren 27an, Joana Abrisketa Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak, Mariano Aguirre nazioarteko gatazketako analistak eta Juanjo Alvarez bera Europa y el Sur Global: hacia un multilateralismo inclusivo hitzaldian arituko dira.
Azkenik, ekainaren 10ean, Mariola Urrea Nazioarteko Zuzenbideko irakasle eta integrazio europarrean adituak, Juanjo Alvarezekin batera, Europako gobernantza eredua aldatzeko beharraz hausnartuko dute Necesidad de cambios en el modelo de gobernanza europea izenburupean.
Elkarrizketa Europarrei eskainitako ziklo hau museoak antolatzen du Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuarekin batera.
Latinoamerika eta geopolitika garaikidea
Latinoamerikako egoera politikoa ikuspegi kritiko batetik eta testuinguru jakinera egokituta aztertuko da. Maiatzaren 19an, Dora Maria Tellez historialari, gerrillari sandinista ohi eta Nikaraguako Osasun ministro izandakoak Nicaragua, Venezuela, Cuba, ¿cómo transitar hacia la democracia en tiempos de trumpismo? hitzaldia eskainiko du.
Galderekin elkarlanean antolatutako hitzaldia izango da.
