Gazteek alokairurako laguntzak jasotzeko bete behar dituzten baldintzak eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzak
Etxebizitzak Donostian. Denen gainetik, Atotxako dorrea eta Artzain Onaren katedrala.Joseba Parron San Sebastian Eusko Jaurlaritzak “ezkutu soziala” onartuko du gaur (hilak 21) Premiazko Neurriei buruzko Dekretuarekin, eta bizitegi larrialdiari aurre egiteko hiru lurraldeetako erreferentziako indizeak sartu ditu dekretu horretan, horrela, etxebizitzen alokairu prezioei Euskal Autonomia Erkidego osoan mugak jartzea ahalbidetuz. Neurri hori irailetik dago indarrean Donostian eta Gipuzkoan.
Horrez gain, dekretuaren bidez, “klase ertainei erantzute aldera”, 46.463,29 euroraino igoko du Jaurlaritzak Bizigune programako etxebizitza bat eskuratzeko diru sarreren atalasea; Gaztelagun eguneratu du, “hiru hiriburuetan errenta-mugak 900 eurora handituta”; estaldura logeletara eta azpierrentamenduetara zabaldu du; eta “36 urtetik beherakoentzat erreserbatzen du egokitu gabeko etxebizitzen %50”. “Neurria Etxebizitza Eskuratzeko Euskadiko Plan Integralaren parte da. Plan horrek erreformak, baliabideak eta akordioak aurreikusten ditu, eta gastu baimen berriak ezartzen ditu: 39,85 milioi birgaitzeko, 35,7 milioi alokairua sustatzeko eta 21,8 milioi Gaztelagunerako”, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak.
Donostiari eragiten dionari dagokionez, alokairuaren erreferentziazko indizeen neurria dagoeneko indarrean zegoenez, Gaztelagunen eguneraketa da: “Diruz lagundu daitezkeen gehieneko errentak 900 euroraino igo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 800 euroraino igo dira Bilbo eta Donostiako eremu metropolitarretan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 750 euroraino igo dira gainerakoan. Tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan, muga horiek Alokairu Merkatuaren Estatistikaren %95era irits daitezke. Gainera, laguntza hori jaso ahal izateko gehieneko diru sarrerak 30.000 eurokoak izango dira eskaera indibidualetarako, 36.764 eurokoak bi pertsonako bizikidetza unitateentzat eta 39.184 eurokoak familia ugarientzat”, azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Etxebizitza Sindikatu Sozialista, kritiko
Dekretuarekin kritiko agertu da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista: “Nahiz eta dekretu honek abenduan onartutako Premiazko Neurrien Legea baino neurri ‘atseginagoak’ izan ditzakeela eman, biak osagarriak dira eta norabide berean sakontzera datoz: etxebizitza merkatuaren errentagarritasuna bermatzea, sektorerik pobretuenak baztertzea eta baldintza kaskarragoetan bizitzea normalizatzea”. “Azken hilabeteotan EAJk eta PSEk onartutako lege neurriek batez ere klase ertainen zati baten beharrei erantzutea dute helburu, haiek baitira beren oinarri elektoral nagusia, eta bide batez eraikitzaile batzuk aberasten dituzte”, salatu dute sozialistek.
