Haizean egitasmoa aurkeztu dute, Euskal Herriko errugbia sustatzeko
Martxoa bukaeran, Baionak Anoetan jokatu zuen.Baiona errugbi taldea Hego eta Ipar Euskal Herriko errugbiaren ekosistema eraikitzeko helburuarekin abiatu dute Haizean egitasmoa. Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Udaletxean, eta han izan dira mugaz gaindiko proiektuaren sustatzaileak: Baiona errugbi taldea, Euskadiko errugbi federazioa, Nafarroako errugbi federazioa, AB Prestakuntzan eta AB elkartea.
“Kirola, kultura eta turismoa uztartuz, euskal errugbiaren nortasun komuna indartu eta lurralde garapenerako benetako motor bihurtu nahi du”, azaldu dute aurkezpenean. Horrekin batera, emakumeen errugbiaren garapena, jokalarien prestakuntza eta teknikarien trebakuntza bultzatu nahi ditu, euskal lurralde osoan urtean 90 jarduera inguru antolatuta.
Europar Batasunak, POCTEFA 2021 – 2027 programaren bidez, Haizean proiektuaren %65 finantzatu du. Hasieratik egitasmo egituratzaile gisa pentsatuta, epe luzerako logika batean kokatu dute. “2025-2028 egutegitik harago, mugaz gaindiko kirol lankidetzaren eredu jasangarri baten oinarriak ezartzea da bere anbizioa. Klubak, federazioak, lurralde erakundeak eta bazkide instituzionalak elkartuz, proiektuak ekosistema komun bat finkatu nahi du, lurraldearen prestakuntzan, errendimenduan eta erakargarritasunean ondorio iraunkorrak sortzeko gai izango dena”, nabarmendu dute.
