Udalak ez dizkio Infernuko lursailak lagako Eusko Jaurlaritzari
Udalbatzaren gehiengoaren babesa zuen Infernuko bi lursailak Eusko Jaurlaritza lagatzeko eta bertan alokairuzko etxebizitza babestuak eta tasatuak egiteko proposamenak, baina ez da aurrera atera.
Infernuko lanen artxiboko irudia.Joseba Parron San Sebastian EH Bilduren ekimenez, Donostiako Etxegintzaren ezohiko administrazio kontseiluan eztabaidatu dute gaur (hilak 21) Ibaetako Infernua eremuko bi lursail Eusko Jaurlaritzari lagatzea. PSE-EEren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek ere bat egin dute proposamen horrekin, eta, beraz, udalbatzaren gehiengoaren babesa zuen. Hala ere, ordea, ez da aurrera atera. Etxebizitza babestu guztia, tasatua barne, alokairu sozialera bideratzea zen proposamenaren xedea. Kontseilua konfidentziala da, baina gogoratu behar da hamar kide dituela, udalbatzan ordezkaritza duten bost udal taldeak daudela ordezkatuta eta alkateak kalitatezko botoa emateko eskubidea duela.
Horren harira, bileran hartutako erabakia baloratzeko presazko agerraldia egin du astearte goizean EH Bilduren zinegotzi Ricardo Burutaranek: “Galdu egin dugu aukera bat Eusko Jaurlaritzari lagatzeko Infernuko bi lurzoru horiek, udalbatzaren gehiengoak proposatu moduan, hor eraikiko diren etxebizitza guztiak alokairu publikokoak izateko. Guretzat, pena bat izan da udalbatzaren gehiengoak proposatutakoa aurrera atera ez izana”.
Burutaranek gogorarazi duenez, “Etxebizitza sailburuak duela gutxi esan zuen udalak baloia pasatzen bazien prest zeudela partida jokatzeko”. Hain zuzen ere, nabarmendu du ildo horretatik zihoala proposamena: “Proposatzen ari ginen Eusko Jaurlaritzari baloia pasatzea, Infernuan sustatu ahal izan zezan alokairuzko etxebizitza babestua eta tasatua. Ez dakit denak ados dauden horretan, ez dakigu zer den batzuei gustatzen ez zaiena: alokairuzko erregimeneko etxeak izatea edo etxebizitza tasatuen eraikuntza promotore pribatu bati ematearen ohiko eskema haustea”.
Izan ere, promotore pribatu batek eraikitzen baditu etxebizitza publikoak, normalean, etxebizitza tasatuak ez dira alokairura bideratzen: “Eusko Jaurlaritzak sustatu izan balitu etxebizitzak, tasatuak eta babes ofizialekoak alokairuzkoak izango lirateke. Aldiz, promotore pribatu batek egiten baditu, tasatuak erosketa erregimenekoak izango dira eta badakigu gaur egun 350.000 eurotik gorako prezioetan egoten direla etxebizitza tasatuak. Horrek ez dio erantzuna ematen dagoen beharrari eta oso albiste txarra iruditzen zaigu”.
Kazetariek Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan galdetu diote horri buruz Jon Insausti alkateari, eta berak “klase ertainari begiratu” behar diola esan du: “Patxadaz hartu behar da gai hau. Nik argi daukat erantzun azkarrak eman behar ditudala. Klase ertainari begiratu behar diot eta erantzunak eman behar dizkiot, eta mahai gainean jarri den proposamenak ez zuen hori bermatzen. Hitz egingo dugu lasai honi buruz, pausoak emango ditugulako, baina gauzek beren denbora behar dute eta aztertuko dugu”.
