Daniel Kalparsoro 'El confidente' filma grabatzen ari da Donostian
Daniel Calparsoro zinemagilea, artxiboko irudi batean. Groseko bizilagunek astearte iluntzean antzemango zutenez, film bat grabatzen ari dira egunotan Donostian. Daniel Kalpasoro zinemagilearen El confidente filma da filmatzen ari direna, eta, hain zuzen ere, 1980ko hamarkadako autoak eta bestelako elementuak jarri zituzten atzo Groseko Ramon y Cajal, Kolon eta Usandizaga kaleen inguruan, 20:00etatik 06:00etara baitziren grabaketa lanak egitekoak, leherketa kontrolatu bat tartean, inguruko bizilagunei jakinarazi zietenez. Ordea, iluntzean hasitako ekaitza dela eta, atzeratu behar izan zuten errodajearen hasiera.
Santiago Segura aktore, gidoilari eta zuzendari espainiarraren Bowfinger ekoiztetxea eta Atresmedia Cine ari dira lana ekoizten. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, Miguel Herran aktore andaluziarra da filmeko aktore protagonista eta Faisan auziaren ingurukoa da filma.
ETAk Irungo Faisan tabernan ustez zuen estortsio sare baten ingurukoa izan zen Faisan auzia, oso mediatikoa izan zena, tabernako jabe Joseba Elosuak ustez Poliziaren barneko txibato baten partetik ikerketaren inguruko salakeria jaso zuenean.
Kalparsororen ibilbidea
Bartzelonan jaioa, Kalparsoro haurra zela etorri zen bere familia Donostiara bizitzera. 1995ean argitaratutako Salto al vacío filma izan zen bere lehenengo lan luzea, eta filmografia zabala ondu du ordutik, hogei film baino gehiago eginda eta hainbat telesailetan parte hartuta.
Thriller generoa asko landu ohi du Kalparsorok, eta, sarritan, polizia operazioak dituzte ardatz bere filmek. Hain zuzen ere, Espainiako Guardia Zibilak sari bat eman zion 2024an, erakunde horrek egindako jarduketak zabaltzeko egindako lanagatik, Todos los nombres de Dios eta Marea Negra lanen harira.


