Kubaren aldeko material bilketa solidarioa egingo dute asteburu honetan
Mugimendu Sozialistak eta Euskadi-Kuba elkarteak elkarlanean egingo dute hiriko hainbat auzotan.
Kubako herriaren egoera muturrekoa dela eta, Mugimendu Sozialistak Euskadi-Kuba elkartearekin batera, material bilketa solidarioa egingo du datozen egunotan Donostian.
Laarunbatean, apirilaren 25ean, izango da bilketa Parte Zaharrean, Amara Berrin, Antiguan, Grosen eta Trintxerpen egingo dituzte bilketak. Bestetik, Ikasle Antolakunde Sozialistaren ekimenez, apirilaren 13 eta 24 artean, hiriko hainbat ikastetxetan ere egiten ari dira material bilketa. Hala nola, Usandizaga, Nazaret, Arantzazuko Ama, Lauaizeta, Zubiri, Manteo, Peñaflorida, Larramendi, Axular, Bideberri, Altza eta Luberrin.
Mugimendu Sozialistak ondorengo materiala eskatu du: material sanitarioa, elikadura osagarriak, elikagaiak, higiene materiala, kirol materiala, ikasmateriala eta garbitzeko materiala besteak beste.
LABek 160.000 euro eta bi tona material
Bestetik, Euskadi-Kuba elkarteak jakinarazi du LAB sindikatuarekin aurrera eramandako kanpaina arrakastatsua izan dela. Sindikatuak 150.000 euroko dohaintza partikularra jaso zuen, Kubako osasun sisteman inbertitzeko. Honela, aurretik bildutako diruarekin batera, 167.3111.40 euro erabiliko dituzte LABen, GKEen eta Kubaren aldeko eragileen ekarpenari esker, 154 taupada markagailu erosteko.
Medicuba-Europa sarearen helburua zen “ganbera bakarreko eta bi ganberako mila taupada markagailura iristea, horrela herrialdearen defizita estaliz, eta euskal ekarpenarekin helburu hori ia bete egin da”.
“Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi!” izan zen aipatutako LABen kanpaina solidarioaren leloa, eta hainbat hilabetez, LAB sindikatuaren hogei egoitza baino gehiagotan eta hainbat ospitaletan, sei tona osasun material bildu zituen, eta bi itsas edukiontzitan bidali ziren uharteko ospitaleetarako. 185 kilo medikamentu ere jaso ziren, 36.000 eurotako balioa zutenak.
Ekimen hori irailaren 1ean abiatu zen, eta Ameriketako Estatu Batuen blokeo ekonomiko kriminalari erantzun zuzena emateko sortu zen. Azken urteotan areagotu egin da blokeoa, beste 243 neurri hertsatzailerekin eta Kuba “terrorismoa babesten duten herrialdeen” zerrendan modu zitalean sartzearekin. Irla itotzeko diseinatutako politika horiek Kubako ospitale eta farmazietako sendagaien oinarrizko zerrenda % 30 eskasera murriztu dute, osasunerako giza eskubidea modu masiboan urratuz. Aipatu politikek irlako petrolio hornikuntza ere zaildu dute.


