Metropolitaneko 1.000 bazkidek baino gehiagok langileen greba babestu dute
Lan baldintza duinen aldeko greba mugagabea abiatu zuten langileek hilaren 13an, ELA sindikatuaren babesarekin.
Metropolitaneko langileen grebaren harira egindako agerraldi bat.ELA ELA sindikatuak deituta, Donostiako Pio Baroja pasealekuko Metropolitan kirol zentroko langileek greba mugagabea abiatu zuten hilaren 13an, “lan baldintza duinak aldarrikatzeko”. Orain, “gatazkak beste dimentsio bat hartu du 1.000 bazkide baino gehiagoren babesarekin”, ELAk azaldu duenez: “Hauek idatzi bat bidali diote zuzendaritzari, plantillaren aldarrikapenak babestuz eta konponbidea eskatuz. Nabarmendu dute premium zerbitzu batek ezin duela langileen prekaritatean oinarritu”.
Sindikatuaren arabera, zentroak 62 langile ditu, eta, egun, “soldatak LGSari lotuta daude eta estatu mailako hitzarmen batek arautzen ditu, beraz, ez dira Euskal Herriko bizi kostura egokitzen”. Horrela, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, oporretako osagarrien arautzea eta kontziliazioa ahalbidetuko duten ordutegiak eskatzen ari dira langileak, ELAren babesarekin. Sindikatuak, ordea, enpresaren jarrera “immobilista” salatu du, “ez baitu lan baldintzak hobetzeko proposamenik aurkeztu”.
“Egoera horrek talka egiten du gimnasioaren jarduerarekin”, ELAk gaineratu duenez: “5.000 bazkidek hilean batez beste 110 euro ordaintzen dituzte. Azken urteetan kuotak %40 inguru igo dira, baina soldatak KPIaren azpitik eguneratu dira, inolako hobekuntzarik gabe. Bazkideek bidalitako idatzian ohartarazi dute grebak jada eragina duela zerbitzuetan —klaseak, entrenamenduak edo garbiketa—, eta kuoten itzulketa proportzionala eskatu dute”.
