Raimundo Sarriegi omenduko dute bihar udal txistulariek
Donostiako Udalaren Txistulari Taldea. Donostiako Udaleko Txistulari taldeak bi hitzordu berezi ditu aste honetan. Bihar, hilak 23, Raimundo Sarriegiren omenezko ekitaldia aurrera eramango du, bere heriotzaren urteurrenean, eta igandean, hilak 26, berriz, Arabako doinuekin osatutako kontzertua, San Prudentzio egunaren bezperetan.
1913ko apirilaren 23an hil zen Raimundo Sarriegi konpositorea. Horregatik, bera oroitzeko, Sarriegi plazako plazaren monumentu aurrean kokatu eta haren obraren parte diren hainbat pieza joko dituzte, 10:30ean hasita. Bretxako merkatariek lore sorta eskainiko diote maisuari eta dantzari talde batek Ohorezko kontrapasa dantzatuko diote. Ekitaldia Donostiako Martxarekin amaituko da. Bihar, Liburuaren Nazioarteko Eguna ere badenez, diana joko dute omenaldiaren aurretik liburu azoka egongo den Gipuzkoa plaza inguruan.
Bestalde, igandean, ohiko kontzertuak Araba izango du ardatz, asteartean San Prudentzio eguna dela iragartzeko. Hala, entzungai izango da Arabako txoko eta efemerideei eskainitako programa. Beste lan askoren artean: Añana, Baranbio, Inguruko dantza, Hartzaren ehiza edo Zeledon.


