Udalak talde turistikoen kontrola eta informazioa indartuko ditu
Turista talde bat, Donostiako Parte Zaharrean. Beñat Parra Udalak, Donostia Turismoaren bitartez, informazio kanpaina berri bat jarri du martxan, hirira iristen diren talde turistikoen kudeaketa hobetzeko. Kanpainaren helburu nagusia bisita gidatuei buruz indarrean dagoen araudia ezagutaraztea eta betearaztea da, turismoaren eta herritarren bizi kalitatearen arteko oreka babesteko.
Ekimenak bi neurri nagusi gogorarazten ditu: gehienez 25 pertsonako taldeak izan behar direla (gidaria barne hartu gabe) eta debekatuta dagoela megafoniak, mikrofonoak edo bestelako soinu anplifikadoreak erabiltzea.
Kanpaina apirilaren 13tik maiatzaren 10era bitartean burutuko da Donostiako autobus geltokian, 10:00etatik 12:00etara, talde gehienak hirira iristen diren unean. Bertan, informatzaileak gidari eta arduradunengana hurbilduko dira araudiaren berri emateko.
Sentsibilizazioa eta kontrola
Ekimena Gurera programaren barruan kokatzen da; donostiarren bizi kalitatea eta espazio publikoaren erabilera jasangarria lehenesten ditu horrek, eta informazio lan horrekin, eragin negatiboak murriztu eta bisita ordenatuagoak bultzatu nahi dituzte.
Sentsibilizazioaz gain, Donostia Turismoak iragarri du aurten kontrol zorrotzagoak egingo dituela kalean. Araudia betetzen ez duten taldeek edo gidariek isun garrantzitsuak jaso ditzakete: zehapenak 750 eta 1.500 euro artekoak izan daitezke.


