Lilatoiko euro solidarioa ACABE elkartearentzat izango da
ACABE elkartearentzat izango da Lilatoiko euro solidarioa.Donostiako Atletiko Urtez urte, Lilatoiak kirola eta emakumeen ahalduntzea uztartzen ditu Donostiako kaleetan. Aurten, ordea, Donostiako Atletikok mezu sakonago bat helarazi nahi izan du: kirola osasuna dela, “baina ez beti”. Premisa horrekin, lasterketak lankidetza estua abiatu du ACABE Gipuzkoarekin, elikadura jokabidearen nahasmenduen aurka borrokatzen duen elkartearekin.
Ekimen horren bidez, Lilatoiko parte-hartzaileek izena ematerakoan bideratutako “euro solidarioa” ACABEra bideratuko da. Diru laguntzatik harago, helburu nagusia kirolaren, gorputz irudiaren eta elikadura nahasmenduen arteko harreman konplexua agerian uztea da.
Gozamena eta betebeharra
Kirola egitea osasungarria den arren, muga arriskutsuak zeharkatu daitezke presioak edo autoexigentziak gainezka egiten dutenean. “Gozatzeari utzi eta betebehar, presio edo konpentsatzeko modu bihurtzen denean, garrantzitsua da gelditzea eta haratago begiratzea”, adierazi du Atletikok.
ACABE Gipuzkoak urteak daramatza prebentzioan eta sentsibilizazioan lanean, arreta berezia jarriz gazteengan eta kirolariengan. Kolektibo horietan, gorputz irudiaren gaineko presioa handiagoa izan daiteke, eta Lilatoia bezalako erakusleiho bat funtsezkoa da mezu prebentibo hori gizarteratzeko.
Lilatoia, eredu gizatiarragoa
Aurtengo edizioak, beraz, izaera kontzienteagoa hartu du. Lasterketak kirol “osasungarriagoa, kontzienteagoa eta gizatiarragoa” sustatzeko apustua berretsi du, lehiatik harago pertsonen osasun integrala erdigunean jarriz.
Ohi bezala, IRUTXULOKO HITZA Lilatoiaren babesle izan da, hiriko emakumeen kirol ekitaldi nagusietako baten bozgorailu izaten jarraitzeko asmoz.


