Matia Fundazioak lehen bajaren osagarria «osorik kentzea» erabaki duela salatu du LABek
Matia Fundazioko langileen elkarretaratzea, Gipuzkoa plazan.LAB LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Matia Fundazioko zuzendaritzak bere langileen lehen bajaren %100eko osagarria kentzea erabaki du, “haien aurkako neurri larria ezarriz”. Nahiz eta osagarri hori urte amaieran ordainduko dela iragarri, erabakiak berehalako kalte ekonomiko nabarmena eragiten die langileei. “Gainera, neurri horren bidez, langileak iruzurraren susmopean jartzen dira, eta, modu orokorrean, bajak osasun arrazoirik gabe hartzea egozten zaie”, nabarmendu du sindikatuak.
Salatu dutenez, zuzendaritzak ez du bestelako irtenbide edo baliabiderik bilatu, eta, aitzitik, langileen kolektiboari zuzenean eragiten dioten neurriak hartu ditu: “Gogorarazi nahi dugu aldi baterako ezintasun gehienak gaixotasun arrunten ondorio direla, eta kasu askotan lan baldintzek berak eragindakoak direla. Hala ere, mutuek ez dute egoera hori aitortzen eta enpresen interesak lehenesten dituzte, baja horiek arrunt gisa sailkatuz. Praktika horiek dira, hain zuzen ere, benetako iruzurra”.


