20.000 landare doan banatuko ditu udalak Donostian
Udaleko langileak herritarren artean loreak banatzen.Donostiako Udala Azken urteotan ohiko bihurtu den moduan, hurrengo asteotan, Donostiako Udalak doan banatuko ditu hiriko parke lorategietan egon diren eta orain erretiratuko dituzten lore eta landareak. Landare horiei “bigarren bizitza bat ematea” da helburua, udalak azaldu duenez.
Guztira, 20.000 lore eta landare banatuko dituzte, beste urte batzuetan baino gutxiago: “Aurten, joan den asteko ospakizunengatik, landare asko galdu egin dira, zapalketak eta jasandako kalteak direla eta. Beraz, denboraldi honetan banatu beharreko kopurua askoz txikiagoa izango da, 20.000 landare ingurukoa”.
Banaketak 10:00etatik 14:00etara egingo dituzte, edo landareak agortu arte, egun eta leku hauetan: apirilak 28, asteartea, Ramon Labaien plazan; apirilak 29, asteazkena, Ondarretako pasealekuan eta apirilak 30, osteguna, Pio XII.aren plazan.


