Baso bainua egingo dute igandean, Ulian
Ulia inguruan "galduta" zebilen emakume bat erreskatatu du Ertzaintzak. Irutxuloko Hitza Cristina Enea Fundazioak hainbat urtez antolatu ditu baso bainuak naturaren bitartez parte-hartzaileek “ongizate fisiko zein mentala lortzeko” aukera izan dezaten. Hala, etzi, hilak 26, egingo dute saio berri bat, euskaraz, Ulia mendian. Doako jarduera da, baina aurrez izena eman behar da Fundazioaren webgunean.
Antolatzaileen esanetan, baso bainuak jarduera “bitxi edo exotiko” bat direla uste dutenak badira ere, egiaz, bestelakoa da. Hala dio, Basora proiektuaren arduradun Violeta Toranek. “Naturan oinarritutako ongizate praktika bat da; gure estresa murriztea eta ongizatea handitzea lortzen dugu, zentzumenak aktibatuz”. Uste orokortua da ere zuhaitzak besarkatzera mugatzen dela, eta horrela ere egin daitekeen arren, aurrera daramatena ez da hori. Ez da basoan paseatu edo landareak eta zuhaitzak identifikatzeko jarduera ere, harago doaz eta ongizate egoera bat eskaini nahi du: “estres maila murriztu, sistema immunologikoa indartu eta sistema kardiobaskularra hobetu”.
Bi ordu inguruko saio horiek edozein naturgune egokitan egin daitezke. Aditu baten dinamizazioaren bidez, naturan murgilduko dira inguratzen dituen guztiaz jabetzeko: basoko soinuak, aromak, koloreak…
Iñigo Garcia zinegotziak, berriz, halako ekimenek duten garrantzia nabarmendu du: “Donostian etxetik minutu gutxira balio handiko naturgunean ditugu. Baso bainuek bezalako jarduerek gogorarazten digute natura ez dela paisaia hutsa, guztion eskura dagoen osasun eta ongizate baliabidea baizik”. Gainera, jardueraren izaera inklusiboa eta eskuragarria azpimarratzen du: “Edozein adin eta egoera fisikotarako pentsatutako esperientzia da, profesionalek gidatua eta errespetuzko ikuspegi patxadatsuarekin”.


