Bera Bera Klubak jasoko du 2026ko Urrezko Kriskitina
Apirilaren 29an egingo dute aurtengo Kriskitin Lasterketa, Zurriolan.ONCE Euskadi Datorren asteazkenean, hilaren 29an, Zurriola pasealekua inklusioaren eta elkartasunaren agertoki bihurtuko da, berriz ere. 11:00etatik aurrera, ONCE Euskadik antolatutako XXIV. Kriskitin Lasterketa ospatuko da. Ekimen herrikoi horrek hiritarrak pertsona itsu edo gor-itsuen azalean jartzera gonbidatzen ditu: parte-hartzaileek antifaz bat jantziko dute eta beste pertsona batek gidatuta osatuko dute ibilbidea.
Lasterketa amaitzean, ONCE Euskadik Urrezko Kriskitina oroigarria emango du. Aurten, Bera Bera Klubak jasoko du, herri bozketan bera suertatu baita garaile. Sariarekin, klubak egiten duen lana aitortu nahi izan dute.
Bozketetan finalista izan diren beste bi erakundeak ADAHIgi (Gipuzkoako Hiperaktibitatearekiko Arreta Defizitaren Elkartea) eta Arrats Elkartearen Txiki Txoko Proiektua izan dira. ADAHIgi 2002tik ari da TDAH duten familien alde lanean; Txiki Txoko, berriz, migrazio prozesuetan dauden emakumeei laguntza psiko-hezitzaile eta soziala ematen dien ekimena da.


