Hainbat etxegabetze agindu berrabiarazi dituztela salatu du Kaleratzeak Stopek
Kaleratzeak Stop plataformak ostegunean (apirilak 23) egindako agerraldia, Bulebarrean.Kaleratzeak Stop Kaleratzeak Stop plataformak agerraldia egin zuen ostegunean Donostiako Bulebarrean, “Kutxabank eta Testa-Blackstone putre funtsaren moduko edukitzaile handiak salatzeko”: “Izan ere, epaileari etxegabetze demandak berriro martxan jartzeko eskatu diote, otsailaren 26an Espainiako Kongresuan bertan behera geratu zen ezkutu sozialagatik, PPren, Voxen eta Juntsen kontrako botoengatik. Zehazki, Lorena, Irungoa, eta Luis, Bentaberriko etxebizitza babestuetako bizilaguna, hurrenez hurren. Era berean, Lorena eta bere bost seme-alaben kasuan, Kutxabankekin alokairu sozialarekin zazpi urteko kontratua sinatzea eskatzen dugu”.
Gipuzkoako beste familia batzuen egoeraz ere ohartarazi dute: “Houda, Irungoa, lau seme-alabarekin, zeinaren ahozko judizioak berretsi egin baitu ekainaren 10erako ezarritako utzarazpen data; eta Gloria, Lasarte-Oriakoa, seme-alaba adingabe batekin, errentatzaileak edukitzaile txikiak izanik, aurreko bi kasuetan ez bezala. Azpimarratu nahi dugu guztiek dutela egiaztatuta epailearen aurrean beren kalteberatasun egoera, gizarte zerbitzuek egindako txostenaren bidez”.
“Gipuzkoako familia horiek estatuan dauden 60.000 familiek eta Euskadin dauden ehunka familiek pairatzen duten drama sozialaren erakusle dira, eskaerak aktibatuta eta ezkutu sozialik gabe. Donostiako eta Irungo udaletan bakarrik, 2024an eta 2025ean, hurrenez hurren, 153 eta 83 txosten egin dira kalteberatasunari buruz. Txosten horiek epaileek eskatu dituzte ezkutu sozialari heltzeko. Zerrenda horri gehitu behar dizkiogu kontratua amaitzeagatiko utzarazpen demandak, Carmen Errenteriakoak eta Jennifer Donostiakoak, seme-alaba bat eta bi dituztenak, hurrenez hurren, eta egoera berean dauden beste lau familiarenak”, gaineratu du plataformak.
Horrela, Eusko Jaurlaritzari, Etxebizitza Sailari eta udalei eskatu diete “adingabeak dituzten familiek kalean lo egin behar ez izateko, neurri ausartak hartzeko alokairu sozialeko etxebizitzen parke zaharkitu eta eskasa handitzeko”.


