Hiriko iruditerian, haren presentzia ia ukiezina da. Kontatzen denez, kasinoetan ikusten zen, luxuzko hoteletan ostatu hartzen zuen —gaur egun, Londres hotelean suite bat du bere izenean— eta Europako elitearekin nahasten zen hiriko tabernetan. Zurrumurru horietako batek Donostia bera kokatzen du haren atxiloketaren eszenatoki gisa.
Kontakizun batzuen arabera, Enrique Gomez Carrillo idazleak bazkari batera gonbidatu zuen espioia, gehiegi edanarazi, eta ondoren Irunera eraman zuen, han Frantziako agintariei entregatzeko. Istorioak badu kutsu dramatikoa, ia eleberri baterakoa, baina gezurra da, ziurrenik: dokumentatuta dago Mata Hari Parisen atxilotu zutela, eta ez Euskal Herrian. Aurrera Taberna historikoan atxilotu zutela ere kontatzen dute, pentsa…
Javan bihurtu zen Mata Hari
Margaretha Geertruida Zelle izenez jaio zen Mata Hari, 1876ean, Herbehereetan. Hogei urte zaharragoa zen Rudolf MacLeoden koloniako armadako kapitainarekin ezkondu zen eta Javara joan zen harekin (Indonesia). Kapitaina, alkoholikoa, tratu txarrak ematen hasi zen Zelleri, eta besteak beste, semeetako bat hil zieten, pozoinduta. Herbeheretara itzuli zenean, banandu, eta bere bizitza berriari ekin zion. Zoritxarreko Javatik, bi gauza ekarri zituen, dantza erotikoak eta izena: Mata Hari, egunsentiko begia. Hor hasi zen Europan zehar bidaiatzen, aristokrata eta militarrak txundituz bere dantza sentsualekin; noiz eta gerra garaian.

Donostia hiri txikia izan arren, 1914 eta 1918 artean, espioien gurutzagune bihurtu zen. Espainia neutrala zen arren, bere kokapen estrategikoak informazio truke etengabea errazten zuen. Ikerketa historikoek erakutsi dutenez, Mata Hari Espainiako Estatuko beste hiri batzuetan —Madril edo Vigo kasu— askoz presenteago egon zen. Hala ere, Donostiako giro kosmopolita, aristokraziaren presentzia eta aisialdirako eskaintza zirela medio, toki egokia zen harreman sareak ehuntzeko. Gogora dezagun, kokaina, emakume erdi biluzien kabaretak eta bestelako gehiegikeriez osatuta zegoela Donostiako gaua garai haietan.
Espioiak Donostian
Baina Mata Hari ez zen bakarra izan. Garai hartako Donostian espioi ugari ibili zen, batzuk oso ezagunak, beste batzuk ia ikusezinak. Azken horiek izan ziren, hain zuzen, eraginkorrenak. Diskrezioz jarduten zuten, prentsa irakurtzen, informazioa biltzen eta bidaltzen, inor ohartu gabe. Haien lana, askotan, egunkarietako xehetasun txikietan oinarritzen zen: itsasontzien ibilbideak, konboien mugimenduak edo portuetako jarduera.

Espioitza sare horretan figura deigarrietako bat Paul Bolo izan zen, Bolo Pachá ezizenez ezaguna. Alemaniaren aldeko agente gisa jardun zuen, eta bere helburua ez zen soilik informazioa biltzea, baizik eta iritzi publikoa manipulatzea. Diru alemaniarra erabiliz, prentsan eragiten saiatu zen, bai Frantzian, bai Espainian. Donostian ere ibili zen, goi mailako harremanak bilatzen, baita gobernuko kideekin elkartzeko ahaleginetan ere.
Epaiketa eta heriotza
Testuinguru horretan kokatu behar da Mata Hariren irudia. Ez zen espioi eraginkorrena, eta askok zalantzan jarri dute benetan izan zuen eragina. Hala ere, bere nortasunak —«exotikoa», «misteriotsua», «erakargarria»— eta bere amaiera tragikoak mito bihurtu zuten. Ofizialki, Parisen atxilotu zuten 1917ko otsailean eta urriaren 15ean fusilatu, traizioa leporatuta; 50.000 soldaduren heriotzaren arduradun zela esan omen zuen Frantziako Armadak. Inolako bermerik gabe egin zen epaiketan, halaxe aldarrikatu zuen: «Aitortzen dut puta naizela, baina inoiz ez traidorea». Ustezko espioitza argitu gabe, ziurtasun osoz beste zerbait zigortu zuten garaiko epaileek: bere gorputzaren eta sexualitatearen jabe zen emakume bat.
Bere heriotzak kondaira areagotu zuen. Esaten da fusilamenduaren unean ere ez zuela dotorezia galdu, eta soldaduei musu bat bidali ziela azken agur gisa. Geroago, haren burua baltsamatu eta museo batean erakutsi omen zuten, aharik eta 1958an, bere miresleren batek lapurtuta edo, desagertu egin zen arte, inoiz gehiago ez agertzeko.
Esanak esan, egia historikoa baino gehiago, iruditeriak iraun du. Zer egiten zuen Mata Harik Donostian? Benetako espioia izan zen? Edo gerra kultura patriarkal bateko pagaburu bat gehiago? •