Arrasto sakoneko elkarlan baten isla
San Telmo museoan ikusgai dagoen erakusketaren aurkezpeneko irudi bat. San Telmo Museoa Zabalik da San Telmo Museoak eta Argia dantza taldeak elkarlanean sortu duten Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia erakusketa. Bertan, Argia dantza taldearen bilakaera eta azken 60 urteotan euskal dantzan izandako eragina ulertzeko gakoak diren testuingurua, irudiak, doinuak eta jantziak bildu dituzte. Ekainaren 21 arte Laborategia aretoan ikusgai izango den bilduma prestatzeko ardura museoak berak, Argiak eta Ikerfolkek aurrera eraman dute, zehazki, Argia taldeko Ane Albisu, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltz, Frantxi Lopez Landatze eta museoaren lantaldearekin batera aritu dira.
Sarrera eta bi gune nagusitan, arkupea eta plaza, atondu dute bilduma. Ikusgai dauden piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxiboa daude. Horrez gain, San Telmok bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean, Dario de Regoyosen margolan bat, XVIII. mendeko egurrezko kutxa baten aurrealde landua, eta hainbat grabatu eta akuarela. Horiek osatu dituzte, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguekin eta artxibo partikularretatik lortutako pieza, liburu eta dokumentuekin.
Arkupean, bi denbora lerro daude, batetik, Argiaren lanaren bilakaera azaltzen duena, San Telmorekin izandako harremana barne; eta bestetik, euskal kulturan gertatzen ari ziren mugarriak. Plazan, aldiz, aukeratutako lau dantzen azalpenak ikus daitezke: Axuri Beltza, Inauteriak, Ezpata-dantza eta Soka-dantza. Erakusketa amaitzeko, Laborategiaren ondoko patioan biltegi ikusgarri modura, taldearen beste hainbat objektu daude.
Argia dantza taldea
Euskal dantzan eragin nabarmena izan du Argia dantza taldeak. Marian Arregiren eta Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean, 1960ko hamarkadatik gaurdaino egindako lanak dantzaren geografia zabaldu du, koreografia dantza era, pauso, doinu, erritmo eta jantzi berriak dantza taldeen errepertorioari gehituz. Herriz herri egindako landa lanak betiko galtzear zeuden hainbat dantza, doinu zein janzkera ahanzturatik erreskatatu zituen eta agertokietan azaldu ondoren, herrira itzultzeko.
Hori guztia San Telmo Museoaren babesean sortu zen, elkarlanean, taldeari egoitza eta ikerketarako museoko materialak eskainiz. Museora Jorge Oteiza, Ez Dok Amairuko partaideak eta oro har, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal kulturaren biziberritzearen sustatzaileak gerturatzen ziren. Hala, Argiaren entseguak ideia berrien laborategi bilakatu ziren. Laborategi hartan landutakoak, euskal dantzaren ekosistema eraldatu eta biziberritu zuen guztiz, gaurdaino.
Sarrera doakoa da eta erakusketari lotuta, jarduera sorta bat ere osatu dute, solasaldi eta hitzaldi bana, tailerrak eta bisita gidatuak izango dira.


