Udalak Uberrek egindako ustezko 60 arau hausteren berri eman dio aldundiari
Uber ibilgailu bat. Udalak aldundiari helarazi dizkio Uber ibilgailu gidaridunen garraio zerbitzuak hirian egindako balizko 60 arau hauste, hala nola hiri barneko zerbitzu ematea, egungo araudiaren arabera, taxilariek ez beste inork eman ezin dituena. EFE agentziaren arabera, hala jakinarazi du Jon Insausti alkateak goizean EAJren ekitaldi batean kazetarien galderei erantzunda.
Insaustik azaldu du udalak software bat duela Uberrek hiri barruan egiten dituen ibilaldiak erregistratzen dituena. Horren arabera, 60 ustezko arau hauste horiek atzemanda, aldundiari bidali dio informazioa, foru erakundeari baitagokio zigor espedientearekin jarraitzea. “Ikusiko dugu zer erabakitzen duen aldundiak”, esan du alkateak, eta azaldu du hasieratik argi izan duela gai honetan erakundeek elkarlanean aritu behar dutela.
Ildo beretik, protokolo bat sortzeko beharra ere nabarmendu du, administrazio bakoitzak jakin dezan nola jokatu behar duen, koordinatuta, “erantzun argi bat” eman eta “taxi sektoreari ziurtasuna”eskaintzeko. Insaustik gehitu du, hiriari dagokionean, kezkatzen duena “taxi zerbitzu on bat” ematea dela.


