Francisco Letamendia 'Ortzi' zendu da, ezker abertzaleko militante historikoa
Francisco Letamendia 'Ortzi', artxiboko irudi batean.Wikipedia Francisco Letamendia Belzunze Ortzi abokatu, idazle, irakasle, politikari eta ezker abertzaleko militante historikoa hil zen larunbatean, Bilbon, 82 urte zituela. Donostian 1944an jaioa, ibilbide luzea egin zuen Ortzik, hainbat arlotan. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea izan zen, diputatua izan zen Madrilen eta Euskal Herriko historiari buruzko lan ugari argitaratu zituen.
Zuzenbide ikasketak amaitu ostean, Burgosko prozesuko auzipetuen abokatuetako bat izan zen (1970), eta Parisera ihes egin behar izan zuen horren ondoren. Francisco Franco diktadorea hil ostean murgildu zen politikagintza instituzionalean, 1977an, Euskadiko Ezkerrarekin, Espainiako Kongresuan diputatu eserlekua eskuratuz. Nabarmentzekoa da Espainiako Konstituzioa osatzeko prozesuan proposatu zuela autodeterminazioa txertatzea Konstituzioan, baina ez zen proposamena ez zen aurrera atera. Ondoren, 1979-1982ko legealdian, Herri Batasuna alderdiko diputatu izan zen.
XX. mendearen azken laurdenean, halaber, mundu akademikoan murgildu zen, Parisen lehenengo, eta EHUko Politika Zientzietako irakasle lanetan ondoren. Horren harira, gogoratu behar da Politika Zientzietako katedra eskuratzeko Edurne Uriarte irakasle eta Ermuko Foroko eta Aski Da plataformako kidearekin izan zuen ika-mika, 2000. urtetik 2002ra. Horrez gain, nabarmentzekoa da Espainiako Auzitegi Gorenak sei hilabeteko zigorra ezarri ziola Ortziri, 1978ko mitin batean ETA goratzea leporatuta, nahiz eta kritiko agertu izan zen ETAren jarduera armatuarekin.
Era berean, asko izan ziren argitaratutako lanak, gehienak Euskal Herriko historia politikoaren ingurukoak; hemen kontsultatu ditzakezue.


