Munduko txoko berrietara bidaiatu, Intxaurrondotik
32. Ibiltariaren Astea aurrera eramango dute datorren astelehenetik ostegunera bitartean, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Ibiltariaren Astean, Ivan Santamariaren argazkiekin osatutako erakusketa ikusgai izango da. Ivan Santamaria Bueltan da Ibiltariaren Astea. Haizalde Elkarteak eta Donostia Kulturak 32. aldiz antolatu dute mundua beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman nahi duen saio sorta. Astelehenetik ostegunera bitartean, maiatzaren 4tik 7ra, egingo dituzte emanaldiak, Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrera librea da edukiera bete arte.
Aurtengoa bereziki hunkigarria izango da, jardunaldien sortzaile eta gidari izandako Felix Etxeberria lehenengoz ez delako egongo. Urtarrilean hil zen Etxeberria, eta bere alaba Mirenek hartu du lekukoa. Hain zuzen ere, aurtengo lau saioetako lehena berari eskaini diote.
- Maiatzak 4, astelehena. Bizitza bidai, Felix Etxeberria solasaldian, haren senide eta lagunek berarekin partekatutako bizipen, oroitzapen eta anekdotak gogora ekarriko dituzte.
- Maiatzak 5, asteartea. ¿La mejor ruta del mundo? saioan, Mikel Bringas donostiarrak Perun dagoen munduko zikloturismo ibilbide erakargarrienetako bat aurkeztuko du.
- Maiatzak 6, asteazkena. Latitude galduetan: Gizakiak. Izotza. Bizitza aurkezpenean Ivan Santamaria gasteiztarrak Antartida, Svalbard, Groenlandia eta Islandia bezalako mapetako ertzetan agertzen diren leku urrunetara eramango ditu bertaratutakoak.
- Maiatzak 7, osteguna. El mundo a través de sus historias: viajar desde lo humano hitzaldian Raquel Garcia Plaza mediku eta bidaiariak azalduko du leku turistiko edo enblematikoen bila ibiltzeari utzi, eta bere ofizioaren bidez harreman humanoetan arreta jarri duela: tokian tokiko kosmobisioetatik bizipenak ulertzen saiatzea helburu.
Saio bakoitzaren ondoren mokadutxo bat hartzeko aukera egongo da bertan, modu informalagoan bidaien inguruko esperientzia trukaketa eta solasaldiak errazteko
Horrez gain, maiatzaren 4tik 29ra bitartean, Ivan Santamariaren argazki erakusketa ikusgai izango da. Irudietan ohiko bizitzatik aldenduta dauden basamortu izoztuak, zonalde polarrak, artikoak eta antartikoak, isolatuak eta bakartiak islatzen dira, modu ikusgarrian. Naturaren boterea miresteko paisaia amaiezinak, non bizitza, baldintza gordinetan ere, aurrera ateratzen eta loratzen ere badakien.


