Lau lagun atxilotu dituzte Altzan legearen aurkako atxiloketa eta lesioak eragiteagatik
Ertzaintzak lau gizon atxilotu ditu legearen aurkako atxiloketa eta lesioak eragitea leporatuta, pertsona bat ibilgailu batean indarrez sartu, atxiki eta jotzeagatik. Biktimak, aurretik, patinete elektriko bat lapurtu zion atxilotuetako bati.
Ertzaintzak dei bat jaso zuen atzo 21:00ak aldera, Altzan hainbat pertsona borrokan ari zirela eta horietako lauk gizon bat ibilgailu batean sartu zutela esanez. Bertaratu zen ertzainak inguruan aurkitu zuen biktima eta honek esan zien jipoitu egin zutela eta erasotzaileak barruan zeuden ibilgailua seinalatu zien. Agenteak gizonarekin hizketan ikustean, autoan zeudenak ihes egiten saiatu ziren, baina patruila konturatu, eta gelditzeko agindu zion.
Ikerketaren ondorioz, jakin ahal izan zuten biktimak, antza denez, patinete bat lapurtu zuela ordu batzuk lehenago, eta errepresalia moduan, jabeak eta hiru lagunek ustezko lapurra topatu, jo, eta bortxaz autoan sartu zuten. Bidean, inplikatuek eraso fisikoarekin jarraitu zuten, kalera bota zuten arte.
Ondorioz, lau gizonak atxilotu zituzten legearen aurkako atxiloketagatik eta lesioak eragiteagatik. Polizia etxera eraman eta zegozkion eginbideak amaitzean, epailearen eskuetan jarriko dituzte. Biktima osasun zentro batean artatu behar izan zuten.

