Zabalik dago Minbiziaren Aurkako Lasterketan eta Martxan izena emateko epea
Minbiziaren Aurkako Lasterketa eta Martxaren 12. edizioa aurkeztu dute gaur, Loiolako Erriberan.Andrea Bosch Alfaro Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bere ekitaldi jendetsu eta enblematikoenetako bat aurkeztu du gaur goizean: Lasterketa eta Martxa Solidarioaren 12. edizioa. Hala, adierazi dute zabalik dagoela, dagoeneko, bi jardueratan izena emateko epea.
Interesa dutenek maiatzaren 7ko 23:59ak arte eman dezakete izena, hemen; gainera, maiatzaren 6a baino lehen izena ematen dutenek deskontu berezia izango dute Telparken Kontxako eta Okendoko aparkalekuetan.
Inklusiboa eta berria
Aurten ere, elkarteak inklusibitatearen aldeko apustu sendoa egin du: 9:55ean, Handbike modalitateko lasterketa hasiko da Kemen kirol klubaren laguntzari esker, eta mugikortasun urriko pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, CorreAmbi taldeko boluntarioek bultzatuta.
Lasterketa nagusia (5 km), ordea, 10:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik. Aurten ibilbide erosoago bat estreinatuko dute korrikalariek, gainera, trafikoan eragin txikiagoa izango duena; Satrustegiko estutasuna saihestuko dute, eta Kontxako barandaren ondotik igaroko da lasterketa, helmugaraino.
Egun osoko jai giroa
Kirolaz harago, elkarteak jai giroa ziurtatu nahi du Donostiako erdigunean. Gainera, Udal Musika eta Dantza Eskolako trikitilariak eta txaranga arituko dira kaleak alaitzen. Honakoa da egitaraua:
- 10:00: Lasterketa nagusia (5 km).
- 10:45: Zumba saioa, Eureka Dance Studioren eskutik.
- 11:00-12:00: Zientzia eta Jolasak: Etxeko txikienentzat Zientzia txokoa eta puzgarriak, egun osoan zehar.
- 11:30: Martxa eta Nordic Walking modalitateen hasiera (3 km).
Orain arteko datuek harrera bikaina berresten dute: iaz baino % 26 pertsona gehiagok eman dute izena (2.400etik gora). Azpimarratzekoa da, gainera, parte-hartzaileen % 70a emakumeak direla eta inskripzioen % 19a, 23 urte azpiko gazteenak.
Bigarren urtez, IRUTXULOKO HITZA jardueraren babesle da, eta gaurko aurkezpenean ordezkaritza izan dugu. Hona hemen Andrea Bosch Alfaro argazkilariaren irudiak:

