Memoriaren oihartzuna, gorputzaren erantzuna
Filma: Sound Of Falling
Zuzendaria: Mascha Schilinski
Urtea: 2025
Herrialdea: Alemania
Istorio zatikatua dakarkigu Sound Of Falling-ek, zentzu guztietan. Lau dira protagonistak, garai ezberdinetako lau emakume, gizartean errotutako bortizkeria estrukturalaren hondar direnak. Lehen Mundu Gerra aurretik hasi eta gaur eguneraino, Alemaniako min eta traumak izango dira Alma, Erika, Angelika eta Lenkaren ardatza. Elbarriek, seme-alabarik eduki ezin dituzten emakumeek, gaixotasunak kolpatutakoak… azpimarratuko dizkigu zinemagileak, gorputzak ageriko egingo dituen orbainak bederen, horietan ez beste inon iltzatuko baita memoriaren oinordetza.
Muntaia klasikoaren legeak hautsiz, bulkada sentsoriala izango da kontaketa batetik bestera garraiatuko duena, oroitzapenaren izaera hauskorra eta ezegonkorra motor bilakatuz. Film atmosferikoa da Schilinskirena, apenas egongo baita hitz trukaketa sakonik, pertsonaien arteko elkarrizketa luzerik. Naturaren presentzia betierekoa izango da, eta honek beste ezerk ez ditu denboraren joanak utzitako hutsuneak estaliko. Eulien burrunba, errekako uraren marmarra, haizearen ufada… hor daude, beti presente, arkitektura narratiboari eusten.
Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi berridazten eta birdefinitzen doa Sound Of Falling, esperientzia zinematografiko zinez sarkorra. Lau familien memoria pitzatua irudikatzeko, Schilinskik nebulosa onirikoa eraiki du formalki, kamera protagonisten intimitatearekin lotuz. Ate, leiho, zulo eta hezien atzetik begiratuko dute haur gazte zein emakumeek, baita guk ere, noski. Irudi garbirik ez digu aurkeztuko, beti egongo baita distantzia ezarriko duen elementuren bat, eta tartekatuko dira ametsak, irudimenak, aske izateko posibilitateak, baina baita ere etsipenaren ondorio diren erabaki tragikoak.
Funtsean, ez dago aurtengo film arrakastatsuenetako bat izan den Sentimental Value norvegiarrarengandik hain urruti. Europa zaharraren historia, kultura eta moralari begiratzen dio Joachim Trierren lanak, familia protagonistaren etxea errepresentazio espazio sinboliko bilakatuz. Bada, Sound Of Falling-ek XX. mendean barrena egindako ibilbidea proposatuko du ere, zauri pribatuaren eta partekatuaren (kolektiboaren) arteko hari finena lausotuz. Historia nola bizi dugun, eta batez ere, gure gorputzek bizitakoa nola gordetzen eta azaleratzen duten erakutsiko digu Schilinskik.

