Smartphonik gabeko pertsonek ere Dbizi erabili ahal izatea bermatu dezala gomendatu dio Arartekoak udalari
Herrerako Dbizi geltokia.Donostiako Udala Arartekoak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herriaren defendatzaileak, Dbizi udal bizikleta publikoen sistemaren inguruko ebazpen bat argitaratu du, Donostiako Udalari gomendatuz “baldintza berdinetan berma dezala bizikletak alokatzeko Dbizi zerbitzurako sarbidea”.
Herriaren defendatzaileak azaldu duenez, “herritar batek bi kexa idazki aurkeztu zizkion Donostiako Udalari, udal erregistro elektronikoaren bidez. Kexagileak salatu zuenez, zerbitzu horretarako sarbidea eta erabilera, praktikan, mugikorrerako aplikazio baten bidez antolatzen da, eta horretarako telefono mugikor adimendun bat eduki beharko litzateke. Horrek oztopo teknologikoa sortzen du, horrelako gailurik ez dutenei, erabili ezin dutenei edo nahi ez dutenei baldintza berdinetan sartzea eta erabiltzea eragozten dielako”.
Arartekoak jaso duenez, honakoa erantzun zion udalak herritar horri: “Aurreko sistemak, txartel bidez identifikatzekoak, hura manipulatzeko eta abonu beraren erabilera partekatzeko aukera ematen zuela eta, hala, eragin ekonomikoko iruzurra egiten zela. Hori zela eta, erabiltzeagatik kobratzea eta sarbidea mugikorrerako aplikazio baten bidez ezartzea erabaki zuen, iruzurra murrizteko neurri gisa”. Herritarra, ordea, ez zen konforme gelditu erantzunarekin, eta Arartekora jo zuen.
“Udalari informazioa eskatu eta aztertu ondoren, Arartekoak egiaztatu du Dbizi sistemak gaur egun ez diela berdintasunezko sarbidea bermatzen herritar guztiei, eta, bere iritziz, zerbitzua erabiltzeko bide bakartzat mugikorrerako aplikazio bat izatea eskatzeak kanpoan utz ditzake zenbait talde, hala nola pertsona edadetuak edo tresna digitaletarako sarbide apalagoa dutenak”, nabarmendu du Arartekoak. Horrez gain, azaldu du ez dagoela “koherentziarik” zerbitzuaren “oraingo baldintzen eta emakida kontratuan xedatutakoaren artean, bertan kontakturik gabeko txartelen erabilera ere aurreikusi baitzen, sartzeko aukera gisa”.
Horrela, Arartekoak Donostiako Udalari gomendatu dio “beharrezko neurriak har ditzala zerbitzuaren emakidan aurreikusitako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, bereziki identifikatzeko eta sartzeko bitartekoei dagokienez (kontakturik gabeko txartela edo mekanismo baliokideak barne), herritar guztiei sarbide eraginkorra bermatzeko, baldintza berdinetan, eta zerbitzuaren diseinuak oztopo teknologikorik sor ez dezan, telefono mugikor adimendunik ez dutenei edo mugikorrerako aplikazio bat erabili ezin dutenei edo nahi ez dutenei zerbitzu hori erabiltzea ez eragozteko edo zailtzeko”.


