Aurreiritziei aurre egin, amatasunetik, modu sortzaile eta eraikitzailean
Amak contra el racismo arrazakeriaren aurka egiteko eratu zuen Amara Berri ikastetxeko ama talde batek. Jardueren artean, Kaya neskato migratu eta arrazializatua protagonista duten bi ipuin sortu dituzte.
Henar Catalan eta Estefania Quilez dira Amak contra el racismo batzordeko kideetako bi. Maitane Aldanondo Arrazismoa adin eta leku guztietan dagoela ikusarazi eta dagokion lanketa egiteko ahaleginean dihardu Amara Berri ikastetxeko Amak contra el racismo taldeak. Duela bost ikasturte ekin zioten lehen jarduerak antolatzeari Arrazismoaren Aurkako Egunaren bueltan, eta duela hiru urte sona hartu zuen Panpin zuria, panpin beltza izenarekin aurrera eraman zuten sentsibilizazio kanpainak. Bertan, arraza aurreiritziek eta estereotipoek haurrengan dituzten ondorioak aztertu zituzten. Ikasturte bat geroago, Kaya eta klarion magikoak ipuina argitaratu zuten, edukiaren bidez diskriminazioa eta kulturaniztasuna ikusarazteko, eta oraintsu, jarraipena eman diote pertsonaiari Kayaren abenturak lanarekin.
Ideia eta gogo asko izan arren, sei besterik ez dira Amak contra el racismo batzordeko kideak. Horrek, noski, indarrak neurtu eta egin dezaketena mugatzen du, hein batean. Edonola, ez da gutxi gauzatzeko gai direna. Argi utzi dute Henar Catalanek eta Estefania Quilezek beren jarduna, asmoak eta nahiak gainbegiratzean. Elkartu zirenean, ikastetxean zegoen Elkartasuna batzordeari jarraipena eman beharrean, beste bide bat hartu zuten. Izena eta izana elkarri lotuta doazenez, espresuki aukeratu zuten egungoa: Amak, guraso beharrean, seiak ama direlako, eta arrazakeriaren kontra, «arrazakeria onartzen baduzu, landu dezakezulako». «Arrazismoa hitza hor agertzea, heztea da, deseraikitzen ari zara eufemismo moduan erabili diren hitz asko». Elkarbizitzaren alde egitea edo arrazakeriaren kontra, ez baita gauza bera.
Beraien xedea, aurretiko lanketa egitea da, prebentzioa, nolabait. Hala, gertakari bat balego, «partxe bat» jar ez dadin. «Aurrez landuz gero, errazagoa da haurrak esatea baita irakaslea ohartzea eta zerbait egitea ere», zehaztu du Quilezek eta begirada horretan fokua jarri dute. «Ez da bullyinga, beste zerbait da, ez da normala. Klasea eten behar da, arreta jarri, entzun eta erantzun. Heziketa egiten dugun heinean, prebentzio kulturala egiten ari gara».
Amatasunetik, eragin
Bidea urratu dutela nabari dute eta, bai aurreko batzordearen bai eurek egindako lanari esker, egoera arrazista bat gertatuz gero, hobe erantzungo lioketela. Zuzendaritzaren babesa dutela sentitzen dute. Are gehiago, hiru hilean behin bilera egiten dute zuzendaritza, guraso, irakasle, gainerako batzorde eta Ongi Etorri Eskolarako kideekin.
Ez dira adituak, ezta teknikariak ere. «Amatasunetik» dihardute, bizi dutena oinarri hartuta. Hortaz, beste ikuspuntu batetik, eta modu «eraikitzaile eta sortzailean» dihardute. 2024an argitaratu zuten lehen ipuina eta erantzuna ikusita jabetu dira asmatu zutela tresna «goxo» horrekin. Etxera sartu eta guraso eta haurren arteko partekatze une horretan jasota, aztarna sakonagoa uzten duela.
Nor da Kaya, ordea? Ez da inor zehatza, errepikatzen den errealitate baten isla baizik. Kaya atzerrian jaiotako neskatoa da, Amara Berrira ikastera etorritako haur arrazializatua. Adin zehatzik ez du eta euskaldundu eta lekukotu bada ere, beti kanpotar gisa ikusten dute, «bestea» moduan, bere azal koloreagatik. Hau da, bestelakotasuna ikusten da, baina ez antzekotasuna: Danborradan jotzen du, baserritar janzten da, Korrikan parte hartzen du, euskaraz hitz egiten du…. Bera desberdin ikusten duten moduan, Kayak ere nabari du jaioterriaren eta hemengoaren arteko «talka» kulturan, gizartean, familian, hizkuntzan, gastronomian…
Aztarnan sakondu
Lehen istorioa «infantilagoa» da, bigarrenean, neskatoa hazi egin da eta nerabezaroaren atarian dago, LH6-DBH1 artean eta bestelako gauzak gertatzen zaizkio, «gogorragoak» saltokian motxila irekitzea, kasu. «Sakontasuna eman behar zaio mezuari, konplexutasuna, aurrera egin». Haurrak hazten doaz, Kaya ere, eta beren errealitatea aldatzen doan moduan, lanketak ezin du haurrei begirakoa izan soilik.
Edukia erabakitzeko, ikastetxeko haurrei galdetu zieten ea zer uste zuten gertatu zaiola Kayari lehen liburutik. Gehien agertzen ziren sei gaiak hartu zituzten eta ametako bakoitzak ipuin bat idatzi zuen. Egoera bakoitzaren aurrean, Kayak eta bere lagunek badakite nola buelta eman, «balio» bat nabarmenduz: ahalduntzea, eredua, komunitatea, ahizpatasuna… Ondoren, haurrek helduekin hausnartzeko bost puntu daude. «Proposamen landua, artistikoa eta pedagogikoa da». Gainera, ipuinaren bidea, «etxean eta haurraren buruan sartzen gara, txikitatik aztarna bat utzita, aditu batek hitzaldia baino eraginkorragoa da».
Liburua salgai dago auzoko Amaia eta Hatxe liburu dendetan, 14 euroan. «Helburua ez da irabazi ekonomikoa, baizik eta ahalik eta haur gehiagorengana iristea», zehaztu du Catalanek.
Ama izateak erraztu die ikasgelan sartu eta gaia landu ahal izatea. Jauzi bat egin nahi dute, ikastetxetik kanpo ere eragin, baina sei izateak eta bakoitzak dituen zereginek mugatzen dituzte. Denborarik ez dute, kosta egiten zaie elkartzea eta lanorduetan saioak egitea zaila da. Edonola, SOS Arrazakeriarekin batera, irailetik aurrera hamar ikastetxera bisitak lotu dituzte. Mestiza elkartearekin ere ari dira hizketan, herriz herri ipuina kontatzeko. Halaber, udalaren Haur Liburutegiarekin harremanetan jarri dira, katalogoan barnera dezaten. Oraingoz, hilaren 24an, udalak antolatutako Kultur arteko Astearen barruan, Kaya ipuina kontatuko dute Aiete Kultur Etxean, 11:00etan.


