Aperribaik arma industriarekin duen harremana salatu dute Anoetan
Jokin Aperribai Realeko presidente eta SAPA enpresako buruaren negozioak salatzeko ekintza, Anoetan.Irutxuloko Hitza Realaren gizonezkoen futbol taldeak ligako etxeko azken partida jokatu zuen atzo (hilak 17) Anoetan, 19:00etan, eta Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak eta Eskubide Sozialen Kartak, Su Txikien Itsasoa dinamikaren barruan, mobilizazioa egin zuten estadioaren kanpoaldean, Jokin Aperribai Realeko presidentearen “gerra jokoa” salatzeko; elkarretaratzea egiteaz gain, gerrak eta hildakoak islatzen zituen performance bat egin zuten. Gogoratu behar da, hain zuzen ere, Aperribai SAPA armagintza enpresaren burua dela.
Ekintzaileek salatu zuten SAPA enpresa gipuzkoarraren “jarduera nagusia” ibilgailu militarrentzako mugikortasun sistemetan “oinarritzen” dela, “bereziki blindatuentzako transmisioetan eta borrokarako orgetan”. Era berean, nabarmendu zuten Aperribairen enpresak nazioarteko talde handiekin eta NATOren moduko erakundeekin lan egiten duela.
Ildo horretatik, gaur egun mundu osoan bizi den militarismoaren gorakada gaitzetsi zuten: “NATOk gastu militarra BPGren %5era igotzea, AEBk Venezuelari egindako eraso inperialista, Kubaren blokeo osoa, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa edo Irani egindako eraso inperialista eta ekialde hurbileko gerra gauza beraren parte dira”.
Era berean, erakunde publikoen papera kritikatu zuten: “Europako Batasuna, Espainiako eta Frantziako Gobernuak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua estrategia horren ezinbesteko eragileak dira, legeen, planen, inbertsioen eta estaldura politiko eta instituzionalaren bidez. Gerra hemen hasten da. Horren ondorioak lazgarriak dira, batez ere, gerra horiek zuzenean pairatzen dituztenentzat”. “Hala ere, langile klase osoari ere egiten dio kalte, gastu militarraren igoerari lotutako eskubide sozial, zibil eta politikoen murrizketen bidez”, gehitu zuten. Horregatik, industria militarraren alde apusturik ez egiteko eskatu zieten patronalei eta enpresei, baita Hego Euskal Herriko gobernuei eskatu ere “industria militarra zuzenean edo zeharka indartuko duen inbertsiorik ez egiteko”.


