Gazteen emantzipazioa errazteko bulego berria ireki dute Kontadoresen
Gazteen emantzipaziorako bulegoak ateak zabaldu zituen ostiralean Kontadoresek. Gune horretan, gazteek informazio eguneratu jasoko dute enplegurako prestakuntza eta etxebizitzari buruzko gaietan. Hala nola enplegua bilatzeko tresnak, ekintzailetza laguntzak, etxebizitza alokairu publikorako izapideak, alokairu pribaturako laguntzak, besteak beste. Alegia, aholkularitza, informazioa eta prestakuntza jasoko dute hirian emantzipatzeko, udalaren Gazteria atalaren katalogoan integratutako zerbitzu honen bidez. Era berean, prestakuntza eta informazio tailerrak eta ikastaroak ere antolatuko dituzte gazteei beren bizi proiektua garatzen eta askotariko sustatzen laguntzeko.
Gazteria zinegotzi Iñigo Garciak laburbildu duenez, “helburua da Donostian bizi diren, ikasten ari diren, lan egiten duten edo beren bizi proiektua garatu nahi duten gazteek bizitza autonomoko eta garapen pertsonaleko prozesu bati ekin ahal izateko behar dituzten tresnak eskuratu ahal izatea”.
Aurrez aurreko zerbitzuaz gain, programa osagarriak ere izango ditu, adibidez, gazteen ideiak eta proiektuak bultzatzeko Martx-Up, baita laborategiak eta parte hartzeko guneak ere, sormena, enplegagarritasuna, bizimodu independentea, osasuna eta konpromiso komunitarioa sustatzeko. Hala, Garciaren hitzetan, “GAZ bulegoa emantzipazio politika publiko berriak diseinatu eta sistematizatzeko gune bat ere bada, Euskadiko beste udalerri batzuetara transferitzeko moduko ikaskuntzak lortzeko”.
Bulegoaren ibilbideari hasiera formala emateko, maiatzean, aurrez aurreko eta doako hitzaldi hauek egingo dituzte Kontadoresen bertan:
Bihar, hilak 19, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei bideratutako Gazteak eta etxebizitza: Aukerak eta baliabideak ezagutu, hitzaldia, 18:00etatik 19:30era bitartean. Bertan, etxebizitza alokatzeko eta erosteko aukerak azalduko dira, baita gazteen emantzipazioa bultzatzeko Gaztelagun eta Emantzipa laguntzak ere.
Astebete geroago, hilaren 26an, Jaurlaritzako Gazteria eta Emantzipazio zuzendari Adrian Lopez Sarachagak eta Finantzen Euskal Institutuko Paula Pereda Perezek 1 Jaurlaritzak 8 eta 39 urte bitarteko gaztei lehen etxebizitza erosteko emango dituen abalen berri emango dute, 18:00etatik 19:30era bitartean.
Bi saioak doakoak dira, baina izen ematea beharrezkoa da.
Hau da bulegoaren arreta ordutegia: astearte eta ostegunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era; eta asteazken eta ostiraletan, 17:30etik 20:30era.


