Juan Diego Florezek irekiko du 87. Musika Hamabostaldia
Abuztuaren 2an hasiko da musika klasikoaren jaialdia, eta 30era arte, askotariko kontzertuak antolatu dituzte hiriko hainbat gunetan zein Gipuzkoako beste udalerri batzuetan.
Kursaalean aurkeztu dute Donostiako 87. Musika Hamabostaldia. Udako kultur eskaintzari begira jartzen hasia da Donostia, eta, hain zuzen ere, 87. Musika Hamabostaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute astelehen goizean Kursaalean, Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariaren, Jon Insausti alkatearen, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko diputatuaren parte hartzearekin.
Abuztuaren 2an hasiko da Musika Hamabostaldia, eta abuztuaren 30era arte, askotariko kontzertuak antolatu dituzte hiriko hainbat gunetan zein Gipuzkoako beste udalerri batzuetan. Egunez eguneko egitaraua jaialdiaren webgunean kontsultatu dezakezue. Sarreren salmenta orokorra bihar, hilak 19, hasiko da, 11:30ean, Quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira sarrerak.
“Inaugurazio Egunak berak erakutsiko du proposamenen kalitate eta heterogeneotasuna ezaugarri dituen jaialdiaren espiritua; nazioarteko eta tokiko artistak ditu ardatz, ospetsuak eta hasiberriak; musika ondarearen zein sorkuntza berriarekin konprometitua komunitatea sortzea du helburu, askotariko publikoari zuzendua, espazio klasiko eta berezietan, arte diziplina desberdinen arteko zubiak sortuta”, azaldu dute aurkezpenean. Hain zuzen ere, Juan Diego Florez bakarlari perutarrak irekiko du jaialdia, Kursaalean: “Juan Diego Florezek irekiko du bakarlari gailenen esku hartze bereziki aberatsa edukiko duen edizio hau, Grigory Sokolov beteranotik hasi eta Julia Hagen gazteraino”.
Beste emanaldi batzuk ere nabarmendu dituzte aurkezpenean: “Kursaal Auditorioan ariko dira Mahler Chamber Orchestra, The Constellation Choir and Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa, zuzendari handien gidaritzapean: Riccardo Chailly, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding eta Jaap van Zweden. Erik Nielsenek zuzenduta, Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak Berliozen Hildakoen Meza Handia zaila bezain erraldoia interpretatuko dute”.
Beste agertoki batzuk
Kursaalaz gain, ohiko legez, beste hainbat agertoki edukiko ditu jaialdiak, hala nola Viktoria Eugenia antzokia: Arriaga harrigarria izenburu hartuta, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak, bilbotar konpositorearen bigarren mendeurrena gogora ekarriko dute Viktoria Eugenia antzokian izango den kontzertuan. Eva Yerbabuena flamenko dantzariak eta bere konpainiak ‘Yerbagüena’ Oscuro brillante ikuskizuna aurkeztuko dute”.
Era berean, Tabakaleran ere egongo da zer ikusi, azaldu dutenez: “Tabakalera jaialdiaren egoitza gisa finkatu eta eskaintza garaikidearen erdigune bihurtuko da: Tabakalera Dantzan zikloarekin batera, musika garaikideari eskainitako zikloa eta Zomozorroak haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusiaren estreinaldia hartuko ditu”. Aipatu moduan, egunez eguneko eta agertokiz agertokiko egitaraua jaialdiaren webgunean kontsultatu dezakezue.


